Peru Irastorza 20 urteko zuzenbide ikasle eta bertsolari algortarra da. ALBEko (Algortako Bertso Eskola) ikasle eta irakaslea da, eta zenbait bertso txapelketatako finaletan parte hartu du, baita bertso-idatzien zenbait sariketa irabazi ere. Bertsoez gaindi, idaztea atsegin du.
Nola hasi zinen bertso kantari? Nondik etorri zitzaizun zaletasun hori?
Bertsolaritzara aurreneko bultzada aitak eman zidan, eta 8 bat urte nituela hasi nintzen, San Nikolas ikastolan, Nahikari Ayo eta Itxaso Paiaren esanetara. Gogoan dut bertsolaritzak ez zuela gainontzeko “klasez kanpoko”jarduerekin zerikusirik; solfeo, gitarra klaseetara behartu antzean nindoan; aitzitik, “bertso” ordua noiz helduko desiatzen egon ohi nintzen ostegunero. Benetako afizioari buruz… Etxean entzun nituen bertsoren batzuk, Lazkao Txikiren pasadizoak, ikusten nituen Pernando Amezketarraren zein Txirritaren marrazki bizidunak, baina bertso-zaletasuna Nahikarik eta Itxasok sortu zidaten.
Nola ikusten duzu bertsolari-tzaren egoera egazteen artean?
Nahiko ongi, esango nuke. Bertsolari gazte kopurua izugarri altua da, plaza kopurua baino askoz ere handiagoa, eta horrek harreman-sare itzel baten sorrera dakar. Gure adineko jende geroz eta gehiago gerturatzen da ber-tso-saioetara “Bertso Erronda”, “Uniber-tsolariak” zein bestelako ekimenei eskerrak, bertsoa eta festa uztartuz. Dena dela, badago zer hobetua; bertsoa formatu berrietara eramateko ahalegina areagotu behar dela uste dut. Egungo gazteon kultur kontsumoa sareko eskain-tzan oinarritzen da, orobat, eta esparru horietan bertso-erreferente batzuk sortzea oso komenigarria litzatekeela uste dut. Ber-tsoa eskaparatean jarri nahi baldin bada, hartara egokitzea besterik ez da geratzen.
Gazteen belaunaldi berriak bertsolaritza nolabait eraberritzen ari zaretela esango zenuke?
Ez dakit ba… Lehenago ere aukera gutxi bagenituen, pandemia hasi zenetik hona asko murriztu zaizkigu bertsolaritzaren “berpizkunde” posibilitateak, kultur alor ia denetan gerta bezalaxe. Bertsolaritzak, 90eko hamarkadaz geroztik, goranzko joera ia etengabea izan du, eta uste dut oraingoan guri dagokigula aurrerapauso bat ematea eten honek, epe luzera, bertsoaren ohiko formatua akitu aurretik.
Bertsolaritza mundu gogorra al da zerbait lortu nahi duenarentzat?
Bestelako “kirol”etan ez bezala, aparteko pretentsiorik gabe, bertsolari askorentzako helburua bidea bera izaten da. Izan ere, bertsoa erronka eta festa da aldi berean, estualdiaren eta gozamenaren arteko katarsi-ariketa. Bertsolaritza gogorra suerta daiteke, prestakuntza apartekoa eginik ere unean uneko gorpu-tzaldi eskasak zure bertsokeraren noranzkoa erabat kamuts baitezake. Txanponak, ordea, badu beste alde bat: nik, behintzat, pozik esan dezaket, ber-tsolaritzaren bitartez –eta pandemia bat gainditu behar izan badugu ere– konplizitate handiak aurkitu ditudala, baita Euskal Herriko toki desberdinetako lagun berriak egin ere. Hori gauza handia da.
Salaketa egiteko tresna garrantzitsua al da bertsolaritza?
Uste dut hori eztabaidaezina dela. Indar handiko produkzio artistikoa da bertsoa, emozioak transmititzeko kanal paregabea, eta horrek ezinbestean dakar berau norberaren ikuspuntua adierazteko erabiltzea. Silaba gutxitan asko esatea ahalbidetzen du bertsoak, baina horrek badu bere arriskua ere, egon badira-eta hitz gutxitara muga ezin daitezkeen salaketak. Beraz, bertsoak pizgarri edo alarma gisara funtzio oso indartsua duela uste dudan era berean, sinetsirik nago bertsoaren bidez diskurtso oso bat garatzea ezinezkoa dela, agerikoak diren arrazoiengatik. Beraz, bertsoa altaboz mediatiko osagarritzat hartuko nuke nik.
Badira bertsolarien helburua kritika soziala egitea dela uste dutenak eta badira bertsolariaren helburua entretenitzea baino ez dela uste dutenak. Zein da zure iritzia?
Pil-pilean dagoen eztabaida da honakoa; badira bertsolaritzaren lan-tresna sozial izaera aldarrikatzen dutenak, baina esango nuke ez dagoela bertsoa sorkun tza ludiko soil legez hautematen duenik. Nik bertsogintza estimatzen dut, dibertigarri bezain terapeutikoa izateaz gain, kon tzientzia kolektiboa, ideologia garatzeko arte-ekoizpen ezin hobea delako. Irri eginarazteaz gain, hortzak estuarazten dizkidalako. Entzule moduan, hala ere, nahiago izaten dut eduki politikoa oharkabean jaso, inplizituki. Uste dut hori egiteko gaitasun-gradua izan daitekeela bertsolari baten kalitatearen erakusgarri handienetariko bat.
Noiz pentsatzen du bertsolariak saioaren agurra?
Berez, agurrak beroketa-ariketa gisa planteatuz gero, komenigarriena unean sortzea litzateke; hasieratik inpresio ona sortu nahiak, ordea, hasierako agurraren ideia nagusiak pentsatuta eramatera bultzatzen dute bertsolaria. Nire kasuan, ez dizut gezurrik esango, hasierako agurra erdi-pentsatua izatea nahiago dut. Azkenengoa ez; hori saioak emandakoetatik ateratzen da nahitaez, momentuan. Gozatzeko unea izaten da hori gehienetan, egindakoaz hausnartu eta satisfakzio txiki bat sentitzekoa. Kitto, egin dut egin beharrekoa.