Gipuzkoa Encounter topaketaren 16. edizioa egingo da ostiraletik igandera, martxoaren 18tik 20ra, eta 40 bat jarduera ludiko eta hezigarri bilduko ditu, formatu birtualean. Horri esker, partaideek beren etxeetatik parte hartu ahal izango dute. Topaketa ostiraleko 10:00etan hasiko da, eta igandean amaituko da.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, covid-19aren aurkako neurri soziosanitarioen ondorioz, sareko formatua mantentzea erabaki dute, aurreko bi urteetan bezala, Tolosako Usabal kiroldegira itzuli ordez. Edonola ere, pandemiak ezarritako mugak ez dira oztopo izango, eta ekimenak ohiko helburuari helduko dio, hau da, teknologia berrien arloan prestakuntza, dibulgazioa eta dibertsioa uztartzea. Horrela, Gipuzkoa Encounter 16k 400 plaza birtual izango ditu, topaketa presentzialak Usabal kiroldegian izango lukeen kopuru bera, hain zuzen.
Parte hartu nahi dutenek www.gipuzkoaencounter.org bidez erreserbatu dezakete beren lekua. 2020an eta 2021ean sarean egindako ekitaldi birtualekin lortutako esperientziari esker, “topaketa erakargarria” prestatu dute antolatzaileek, aurrez aurreko hitzorduen egitura berarekin. Guztira 40 jarduera inguru izango dira, mota guztietako lehiaketak, hitzaldiak eta dibulgazio tailerrak barne.
Segurtasun informatikoan, arte digitalean, programazioan, bideo jokoen industrian edo 3D inprimagailuetan oinarrituko dira saioak, batik bat. Bilkura Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Garapen eta Azpiegitura Saileko SPRI Taldearen laguntzarekin.
JARDUERA IREKIAK
Izena ematen dutenek topaketaren arlo anitzetan parte hartu ahal izango dute, etxetik mugitu gabe, Discord tresnaren bidez. Bertan, gaika bereizitako “areto birtualak” topatuko dituzte, eta arte digitaleko, software libreko, hardwareko eta jokoetako lehiaketetan izena emateko aukera izango dute. Halaber, antolatzaileek topaketa presentzialetako ekimenak kudeatzeko erabiltzen duten partyNet tresna propioa egokitu dute bere osotasunean Internet bidez erabili ahal izateko.
Era berean, topaketatik kanpo gelditzen direnek ere parte hartzeko aukera izango dute, eduki batzuk irekiak izango baitira. Sarean eskainiko diren doako prestakuntza hitzaldiak eta Gipuzkoa Encounterren jarraipena egingo duen Encounter TV saioa doan ikusi ahal izango dituzte Euskal Encounterreko Twitch kanalaren bitartez: www.twitch.tv/euskalencounter/