Bertso Egunean bertsoarekin batera izango dira dantza, musika eta marrazkia

Bilaka Kolektiboko dantzariek, Paxkal Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariek eta Dom Campistron marrazkilariak ere hartuko dute parte. Aretora sartzeko ez da COVID-19ari lotutako ziurtagirik beharko, aste honetan indarrean jarriko diren neurrien arabera. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke.

“Denontzako ezagunak dira klitxeak, aurreiritziak eta aurrez eraikitako iruditegi eta usteen multzo hori. Leku batera iritsi aurretik lekua bera irudikatzen saiatu ohi gara, erran digutenarekin eta uste dugunarekin eraikitzen dugu irudia; lekuaren eta lekua osatzen duten pertsonen ustezko definizioa. Zenbateraino diren okerrak, zenbatetaino zuzenak… denborak ez ezik esperientziak berak erranen digu. Esperientzia horietako batez gozatzeko aukera eskaini nahi du aurtengo Izpurako Bertso Egunak”, aurreratu du Bertso Eguneko emanaldi berezia antolatzeko lanetan ari den Odei Barroso bertsolariak.

Martxoaren 26an izango da Bertso Eguna Izpuran; Faustin Bentaberri Gelan egingo da emanaldia, 17:00etatik aurrera. Aimar Karrikak gidatuta, bertsotan ariko dira Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Ez dira, ordea, parte-hartzaile bakarrak izango: “Bertso jarduna ohikoa eta zentrala izanen bada ere, ertz eta diziplina desberdinak ukituko dituen bertso saioa izanen da: bertsoa, musika, dantza, marrazkia…”, iragarri du Barrosok: Bilaka Kolektiboko dantzariek, Paxkal Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariek eta Dom Campistron marrazkilariak ere hartuko dute parte.