XV. Huhezinemaren lan finalistak aurkeztu dituzte

Mondragon Unibertsitateko ikasleek antolatutako HUHEZINEMA Film Laburren Jaialdiak 2022an ikusgai izango diren filmen zerrenda iragarri du. Sail Ofizialean hamar proiektuk hartuko dute parte, eta MUko ikasleenean, aldiz, 9 lan izango dira lehian. Martxoaren 30etik apirilaren 1era ospatuko da, formatu presentzialean.

31 izango dira aurtengo HUHEZINEMA jaialdian parte hartuko duten proposamenak. Guztira, 84 ikus-entzunezkok erantzun diote antolatzaileen deiari, eta horien artean hautaketa batzordearen galbahea pasa dutenek osatuko dituzte lehiaketaren hiru sailak: Sail Ofiziala, MUko ikasleena eta Bideoklip atala.  Azken bi urteetan online edo formatu hibridoan egin behar izan da Huhezinema, baina eredu presentzialera itzuliko dira aurtengoan.

Antolatzaileek prentsa ohar labur baten bidez ezagutarazi dituzte zerrendak, eta hala jakin dugu Aretxabaletako Arkupe aretoan proiektatu dituzten lanen artean direla Kimuak katalogoan, Bilboko Zinebi jaialdian edota Euskal Zine Bileran parte hartu duten hainbat proposamen.