Martxoaren 12tik 19ra, Gernikak Lekuek Festibalaren edizio berri bat hartuko du. Zuzeneko musikaren orbitan, dantza eta antzerki ikuskizunak, hitzaldiak, zinekluba, disko eta arte azoka eta tailerrak ere izango dira bertan.
Lekuek Festibala jaialdi autogestionatua da. Aurten, Astran, Iparragirre Rock Elkartean, Kult Parnason, Lizeoan eta Gernikako kale eta tabernetan izan da zer entzun, ikusi, ikasi eta salerosi.
Larunbatean, martxoak 12, gogor hasi zen jaialdia, Astrak metal doinu gogorrak hartu zituen gauean: The Broken Horizon, Phrymeral eta Numen.
Igandean, disko eta arte azoka izan zen, eta 13:30erako Triggerren kontzertua prestatu zuten. Gaur eta bihar hainbat hitzaldi egongo dira publikoaren gozagarri, eta asteazkenerako Empty Filesen kontzertua iragarri dute: 21:00etatik aurrera izango da, Astran.
Asteburuaren atarian, ostegunean, John Duer & The Blues Freaks taldea arituko da Iparragirren, 21:00etan.
Eta bigarren asteburuko musika menua ezin beteagoa da. Ostiralean, Naz (Lagun Etxean), Gailu eta Za! (Iparragirre Rock Elkartea), Seiurte (Musutruk) eta Punky Reggae Gauaren (Against You eta Skakeo, Astran) artean aukeratu ahalko da.
Larunbatean, jaialdia bukatzeko, Verde Pratoren (Lizeo), J Martina, Merina Gris, Dupla eta Gora Etorriren (Astra), Giudi e Quani eta Acid Messen (Iparragirre) eta Addar Bermeoko taldearen emanaldiak (Kult Parnasoa) egongo dira Lekueken.