Monira Al Qadirik ‘Laurden sakratua’ aurkeztuko du Guggenheimen

Guggenheim Bilbao Museoak ‘Monira Al Qadiri. Laurden sakratua’ aurkeztuko du ostegunean, martxoaren 10ean, Film & Video aretoak 2022ean izango duen lehenengo erakusketa, hain zuzen.

Bideo artean, zine instalazioan eta mugimendudun irudia jorratzen duten hizkuntza artistikoetan funtsezkoak diren lanak erakusten ditu Bilboko museoak areto horretan. Oraingoan, Monira Al Qadiri artistaren bideo eta eskultura instalazio bat izango da ikusgai. Al Qadiri kuwaitarra da, Senegalen jaioa eta gaur egun Berlinen bizi dena, eta bere lanak, era askotako euskarrien bidez, historia kolonialaren alderdi ezezagunak, petrolioaren kultura eta identitateen eraikuntza ikertzen ditu Ekialde Ertaineko testuinguruan.

Ostegunean bertan, 18:30ean, ‘Dark Genesis’ performancea aurkeztuko du Monira Al Qadirik museoaren entzungelan. Ondoren, artista Guggenheim Bilbao Museoko Film & Video aretoaren arte arduradun Manuel Cirauquirekin batera arituko da performance horri eta ‘Laurden sakratua’ obrari buruz hizketan.