“Instructions for survival” dokumentalak irabazi du Zinegoak Sari Nagusia

Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtengo edizioaren, hemeretzigarrenaren, palmaresa ezagutzera eman du, jaialdiaren amaiera galan. Film luzeetan, “Instructions for survival” izan da irabazle nagusia, eta film laburren kasuan, “17 minutos con Nora”.

Yana Ugrekhelidze zuzendariaren dokumentalak 3 sari irabazi ditu: Zinegoak Sari Nagusia, DOK saria eta Aniztasunaren eta Giza Eskubideen Saria.

Lesbianismo eta Generoaren Saria Angeles Cruzen “Nudo Mixteco” filmarentzat izan da, eta atal horretako aipamen berezia Isabelle Solas zinegilearen “Nuestros cuerpos son sus campos de batalla” pelikularentzat.

Euskal Aktoreen Batasunak ere jaialdian izan ditugun antzezpenik onenak saritu ditu. Fikziozko Film Luzeko Antzezpen Nagusirik Onena “Woman do cry” filmeko Maria Bakalovarentzat izan da, eta bigarren mailako antzezpen onenarena Pio Marmaï aktorearentzat “La fracture” lanagatik.