Lezamako Udalak (Bizkaia) eta Elkar argitaletxeak Haur Literaturako Mikel Zarate Sariaren 12. edizioa jarri dute martxan, haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko asmoz. Euskal kulturaren alde lan itzela egin zuen lezamar idazlearen gomutaz antolatzen da saria, eta lanak aurkezteko epea maiatzaren 31n amaituko da. Antolakuntzak jakinarazi duenez, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte) euskaraz sortutako kontakizunak aurkez daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.
Parte hartzaileek gutxienez 18 urte izan beharko dituzte. Makinako moldez, Din-A4 formatuan eta tarte bikoitza utzita, gutxienez 10 eta gehienez 50 orrialdeko lana aurkeztu beharko da. Hiru ale bidali beharko dira, agerian idazlearen nortasuna azaldu gabe, eta horiekin batera gutunazal itxi bat, kanpoan idazlanaren izenburua adieraziko duena eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia. Idazlanak helbide honetara igorriko dira: Lezamako Udala – Mikel Zarate Saria; Aretxalde, 1; 48196 Lezama.
Lanak hartzeko azken eguna maiatzaren 31 da, eta epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna ekainaren 30a. Epaimahaia osatuko dute Leire Bilbao Barruetabeña, Maribel Aiertza Rementeria eta Xabier Mendiguren Elizegi idazleek. Sari bakarra emango da, 3.000 eurokoa (zenbateko gordina), eta epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez balego saririk ez litzateke emango. Elkarrek argitaratuko du eleberri edo ipuin saritua, saria jakinarazten denetik sei hilabeteko epean, behar diren marrazkiez horniturik. Alabaina, idazlea izango da lanaren jabea eta ohiko moduan ordainduko dizkio argitaletxeak egile eskubideak.