Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) hasiera eman die mendeurreneko ekitaldiei. Aurreikusitako jarduera-egitarau zabalaren barruan, kontzertuak, hitzaldiak eta erakusketa ibiltari bat antolatu, hiriko horma-irudi erraldoi bat sortu, komiki oroigarri bat argitaratu eta plaka oroigarria estalgabetuko da Arriaga Antzokian, BOSek 1922ko martxoaren 8an eskaini zuen lehendabiziko kontzertua gogora ekarriz. Gainera, datorren asteazkenean, hilak 9, ONCEren kupoiak Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurrena izango du protagonista.
BOSen mendeurreneko ekitaldien aurkezpena egin da Euskalduna Jauregian, el bertan parte hartu dute Iñaki López de Aguileta Bilboko Udaleko Kulturako Zuzendariak, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko Foru Diputatuak, Ibon Aranbarri Bilbao Orkestra Sinfonikoko Zuzendari Nagusiak eta Miguel Arbelaiz BOSeko Enpresa Batzordeko Presidenteak.
MENDEURRENEKO EKITALDIAK
Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mende beteko ibilbidea ospatzeko egitarauaren ekitaldi nagusia BOSek martxoaren 10 eta 11n (osteguna eta ostirala) eskainiko duen Mendeurreneko Kontzertua izango da, Leonard Slatkin estatubatuarraren zuzendaritzapean eta Bilboko Koral Elkartearen, Miren Urbieta-Vega euskal sopranoaren eta Isabelle Druet mezzosoprano frantsesaren partaidetzaz.
Hauexek dira Mendeurreneko Kontzertuan eskainiko dituzten obrak: Maurice Ravelen “Kaddisch, de Deux mélodies hébraïques” (Ravelek BOS zuzendu zuen 1928ko azaroaren 10ean) eta Gustav Mahlerren 2. Sinfonia, “Berpiztea”.
Gainera, BOSek Guggenheim Bilbao Museoaren 25. urteurreneko ospakizunekin bat egin eta Modest Mussorgskyren “Erakusketa bateko koadroak” joko du, baita Augusta Holmès frantsesaren “Andromeda” poema sinfonikoa ere.
2022-2023ko abonu-denboraldiaren barruan, Bilbao Orkestra Sinfonikoak “El Señor de los Anillos: La Comunidad del Anillo” filmaren jatorrizko bertsioaren (ingelesez, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin) kontzertu-proiekzioan parte hartuko du, Oscar bat irabazi zuen Howard Shorek konposatutako soinu-banda zuzen-zuzenean eskaintzeko.
Hitzordua abenduaren 15ean eta 16an izango da, eta astebete geroago, hilaren 22an (osteguna) eta 23an (ostirala), Bilboko Udal Bandaren eta BOSen arteko topaketa-kontzertua egingo da, bi taldeek batuta egin zuten 20 urte inguruko ibilbidearen oroimenez.
Azkenik, 2022-2023 denboraldi honetan, Bilbao Orkestra Sinfonikoak mendeurrenaren kariaz bertako konpositoreei enkargatutako hiru obra estreinatuko ditu. Horrela, 2023ko martxoaren 9an eta 10ean, BOSek piano eta orkestrarako kontzertua eskainiko du, Musikaren Sari Nazionala irabazi berri duen Gabriel Erkoreka bilbotarrak konposatua. Eta datorren urteko apirilaren 28an eta 29an, BBVA Fundazioaren 2020ko Leonardo Beka jaso zuen Javier Quislant musikagile bilbotarraren “Tiempo silente zertxobait” obra estreinatuko du.
HITZALDI-ZIKLOAK
Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurreneko jarduera-programaren barruan, hitzaldi-zikloa antolatu da Deustuko Unibertsitatearekin batera, iazko abenduaren 14tik, aurtengo maiatzaren 24ra bitartean, eta bertan parte hartuko dute, besteak beste, Maite Aurrekoetxea Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioko Zuzendariak, Miren Iñarga Musikeneko Zuzendariak, Jorge de Persia ikertzaile eta musika-kritikariak eta Luis Gago editore eta musika-kritikariak.
Era berean, abenduaz geroztik, sormen-prozesuaren gakoei buruzko hitzaldi-zikloa egiten ari da Guggenheim Bilbao Museoko Auditorioan, Patricia Sojo musikologoa, Birke Bertelsmeier konpositorea, Erik Nielsen BOSeko Zuzendari Titularra eta Isabel Urrutia konpositorea tarteko direla. Azken hitzordua apirilaren 27an izango da, Javier Quislanten “Tiempo silente” obraren estreinaldiaren kariaz, eta bertan izango dira Quislant bera eta José Luis Besada, Radio Clásica irratiko “Música Viva” saioaren aurkezlea.
ERAKUSKETA IBILTARIA ETA PLAKA OROIGARRIA
Martxoaren 17an, ostegunez, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurrenari buruzko erakusketa ibiltaria inauguratuko da Arriaga Antzokiko Plazan, eta bertan izango da ikusgai hilaren 30era arte, Bizkaiko geografia osoan zehar egingo duen ibilbideari ekin baino lehen.
Erakusketaren inaugurazioarekin batera, plaka oroigarria estalgabetuko da Arriaga Antzokian, BOSek 1922ko martxoaren 8an eman zuen lehenengo kontzertua gogora ekarriz.
HIRIKO HORMA-IRUDIA ETA KOMIKI OROIGARRIA
Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurrena ospatzeko aurreikusi diren bestelako jardueren artean, beren-beregi nabarmendu behar dira Bilboko orkestraren ehun urteko ibilbide musikalari buruz irailean argitaratuko den komikia, Enrique Martínez-Inchausti (Kike Infame) marrazkilari ezagunak egina, edota ehun metrotik gorako horma-irudiaren sorrera Jesusen Bihotza Plazaren ingurutik Olabeaga auzoraino doan horman, Pablo Astrin arte urbanoko espezialistaren eskutik.
BILBAO ORKESTRA SINFONIKOA (BOS)
Joan den mendeko 20ko hamarkada Bilbao Orkestra Sinfonikoaren jaiotzaren lekuko izan zen, izan ere, orkestraren jendaurreko lehen emanaldia Arriaga Antzokian 1922ko martxoaren 8an eskainitako kontzertua izan zen, berrikitan sortua zen Musika Kontserbatorioko zuzendari Armand Marsick-en batutapean.
Garai hartan, Bilbok beste bi musika-erakunde ospetsu zituen, 1886an sortutako Koral Elkartea eta 1896an eratutako Elkarte Filarmonikoa, baita gerrarteko Bilbo hartako bizitza-kulturaren funtsezko bultzatzailea izan zen Kurding Club ezaguna ere.
Egun, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sortutako irabazi-asmorik gabeko Juan Crisostomo de Arriaga-Bilboko Orkestra Sinfonikoa Fundazioak kudeatzen du.