Hautsi zen anphora! da aurtengo ediziorako aukeratu den lema. Duela lau hamarkada luze Atxagaren Etiopia lehen liburutik abiatuta, Ruper Ordorikak lan horretako hainbat poema kanta bihurtu zituen eta Hautsi da anphora aurkeztu zuen. Berritzaileak diren poema eta kanta haiek badute zer konta gaurko garaietan. 1980an bezela, iraganarekin hausten dugu eta mila ispilutan gure sormen garaikidea islatzen da.
Izan ere, Hautsi da anphorari lau hamarkadako hautsa kendu diogu eta eszenaratuko dute Ruper Ordorikak & Mugalarisek, Bernardo Atxagak gaurko begirada literarioa irakurtzen duen bitartean. Geroari begiratzen dion sormena da. Pott Bandaren garaian bezalaxe, geroa gaur izango dugu.
Martxoaren 7tik 27ra Bilboko 15 gunetan 26 ekintza ezberdin proposatzen ditu. Diziplina anitzek izango dute lekua Loraldian: musika, dantza, teatroa, literatura, bertsolaritza, artea, hiri-kultura, dastaketak,…
Eta ohikoa denez euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan, hala nola: Mikel Laboa, Juan Carlos Eguillor, Eulalia Abaitua. Horiekin batera, egungoak oholtzan: Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Maddi Oihenart, Uxue Alberdi, Aukeran Dantza Konpainia… besteak beste.
Eta aurtengo edizioan gazte sormenaren harrobi berria proposatuko du Loraldiak Zorrotzaurreko irlan, gazte eta talentu berriei plaza eskainiz. 8. edizio honetako berrikuntzetako bat da hain zuzen ere proposamen berri hau, Loraldia Terminala izena hartu duena eta gazte-sormenari eremua eta plaza eskaintzen diona.
Loraldia Kultur Elkarteak ekitaldi honetarako espreski sortutako hainbat ekoizpen propio aurkeztuko ditu aurtengo edizioan. Eta, beti bezala, euskaraz egindako kulturaren zabalkundean eta emakume sortzailearen aldarrikapenean jarritako begirada.
110 artista baino gehiago igoko dira eszenatokietara, eta beste behin ere, Bilbo euskaraz egindako kulturaren hiriburu bihurtuko da hilabe batez.