Metallicak San Mamesen joko du uztailaren 3an

Metallica talde kaliforniarrak kontzertua eskainiko du uztailaren 3an Bilboko San Mames futbol zelaian. Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Live Nation enpresa sustatzailearen arteko elkarlanaren bidez antolatu da ekitaldia.

Bilboko Udaletik jakitera eman dutenez, zenbatespenen arabera, Metallicaren emanaldian 45.000 pertsona bilduko dira eta ‘Bilbao-Bizkaia Rock Day’ jardunaldiaren amaiera izango da, talde kaliforniarraren aurretik Weezer, The Hellacopters, Nothing But Thieves eta The Regrettes ariko direlako San Mamesen.

Metallicak astearte honetan jakinarazi du Bilbo dagoela Europan egingo duen hurrengo biraren lekuen artean, eta San Mameserako sarrerak ostegunean jarriko dira salgai, otsailaren 24an, Ticketmaster plataformaren bidez eta Live Nationen webgunean (www.livenation.es).

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak nabarmendu dute Metallicaren kontzertuak indartu egiten duela “hiriaren eta lurraldearen posizioa nazioarteko ekitaldi handiak hartzeko” eta, gainera, “gizarteak ilusioa berreskuratu eta gozatu behar duen unean” iristen dela.

Aburtok bi herri erakundeen arteko elkarlana azpimarratu eta kontzertura joango dela ziurtatu du. Bere iritziz, “oso garrantzitsua da Bilbon rock musikaren zaleentzat ezinbestekoa eta mitikoa den talde honen beste kontzertu ikusgarri bat izatea, ziur aski nazioarteko ekitaldi hauen itzuleraren zain zeuden jarraitzaile asko liluratuko dituena, eta aurten lankidetza publiko-pribatuarekin programatzen ari garen ekitaldiekin bat egingo duena”.

Bilboko alkateak azaldu duenez, “alaitasuna, dibertsioa eta ondo pasatzea behar ditugu eta, gainera, berriz ere nazioarteko mailako ekitaldiak hartzeko hiri eta lurralde erakargarri moduan kokatu behar gara. Hori da gure helburu nagusia, gure gizarteari ilusioa itzultzea eta gure ingurune hurbilenean inpaktu ekonomikoak sortzea”.

Bestalde, Rementeriaren hitzetan, “bi urte oso gogor igaro ondoren, ilusioa, kultura eta musika berreskuratu behar ditugu, eta Metallicaren kontzertuak horretan lagunduko digu. San Mames, Bilbo, Bizkaia, hunkitu egingo dira Metallicarekin; 40 urte baino gehiagoko ibilbidean mundu osoan milioika jarraitzaile, horietako asko Bizkaian, dituen talde historikoa”.

Horregatik guztiagatik uztailaren 3an San Mamesen Metallicarekin egingo den kontzertua asko gozatzeko moduko kontzertua izatea espero du Rementeriak, “gizarte honek ondo merezita duelako”.