Gasteizek bat egin du hirugarren Euskaraldiarekin, bertako erakunde, elkarte eta herritarren bitartez. Atxikimendua irudikatzeko argazkia atera dute Foruen plazan zinegotzi, erakunde publiko, entitate pribatu eta norbanakoek.
Argazkia ateratzeko ekitaldian Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere parte hartu du. Adierazi duenez, “badakigu izugarrizko erronka dugula, eta ez bakarrik Gasteizen, baizik eta baita toki askotan ere, euskararen erabilera sustatzeko, eta Euskaraldia bezalako ekitaldiak oso garrantzitsuak dira helburu hori lortzeko”.
Aurten, Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte ospatuko da, ‘Hitzez ekiteko garaia’ lelopean, “pandemiak hustu dituen kaleak eta gogoak bete eta euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izaten ahalegintzeko”, Gasteizko Udaletik adierazi dutenez.
Lehenengo edizioan, norbanakoengan jarrei zen arreta eta Ahobizi eta Belarriprest rolak sortu ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa bideratzeko. Bigarren edizioan, aldiz, entitateen parte hartzea oinarrizkoa zela ikusita, Ariguneak gehitu ziren ekimenera.
“2022ko Euskaraldian, Belarriprestek eta Ahobiziek aukera berriak sortuko dituzte, elkarrekin, auzoz auzo eta Arigunez Arigune, euskaldun figura ezberdinak aldarrikatuz, baina beti ere, elkar josten dituen HITZA lotura moduan erabiliz”, esan dute.