Zinegoak jaialdiak aurtengo programazioa aurkeztu du

Zinegoak Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak 19. edizioaren programazio ofiziala aurkeztu du. Otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo da Bilboko hainbat aretotan, zinemaren eta kulturaren bidez sexu eta genero aniztasuna aldarrikatzeko, eta berritasunen artean, film laburren bi ziklo estreinatu eta nazioarteko zinemagile eta epaimahaien bisitak berreskuratuko ditu. 

Bilborock aretoan egindako prentsa agerraldian izan dira Alaitz Arenzana zuzendari artistikoa, Pedro Andrade produkzio zuzendaria eta Julen Nafarrate komunikazio arduraduna. 

Film luzeen sail ofiziala hiru kategoriatan banatuko da berriro: DOK (dokumentalak), FIK (fikzioak) eta KRAK (narratiba berriak). Guztira 16 film luze ikusi ahal izango dira sail ofizialean, Golem Alhondiga zinema aretoetan. Gainera, jaialdiak Filmin plataforman duen leiho digitalean ere ikusi ahal izango dira, aurrez aurreko proiekzioak amaitu ondoren. 

Film laburrei dagokienez, ‘Emakume zuzendariak’ eta ‘Haurtzaroa/nerabezaroa’ ohiko zikloez gain, aurtengo edizioan bi ziklo berri izango dira: ‘Maitasunezko poliedroak’, harreman afektibo-sexualen formulei buruzkoa, eta ‘Trantsizioak’, arreta trans errealitateetan jarrita. Guztira, 22 film labur lehiatuko dira sail ofizialean eta doan proiektatuko dira Bilborocken. 

Gainera, aurreko edizioetan bezala, ‘Erroak’ film laburren zikloak Euskal Herrian sortutako lanak bilduko ditu, eta aurtengo edizioa lau eskainiko dira. Lan horiek Lekeition ere proiektatuko dira, bigarren urtez Zinegoak jaialdiaren egoitza ofiziala izango baita.  Sail ofizialeko film guztiak lehiatuko dira Zinegoak Sari Nagusia eskuratzeko: lehenengo aldiz 4.000 euroko balioa izango du, EITBren babesarekin. Garailea martxoaren 7an Bilborocken egingo den amaiera ekitaldian emango dira ezagutzera, eta gainerako sariak ere jakinaraziko dira: Publikoaren Saria, Giza Eskubideak eta Aniztasuna, Lesbianismoa eta Generoa, Gazte Epaimahaiaren eta Seniorren sariak eta abar. 

NAZIOARTEKO BISITAK

Bestalde, Zinegoak jaialdiaren 19. edizioak nazioarteko zinemagile eta epaimahaien bisitak berreskuratuko ditu, covid-19aren pandemiak eragindako iazko etenaldiaren ondoren. 

Hain zuzen, honako zinemagile hauek bisitatuko dute Zinegoak: Isabelle Solas (‘Nos corps sont vos champs de bataille’), Reka Valerik (‘Silent Voice’), Adrián Silvestre (‘Sedimentos’), Tim Leyendekker (‘Feast’), Noel Alejandro (KRAK epaimahaia), Cecilia Montagut (DOK epaimahaia), Susi Sánchez aktorea (FIK epaimahaia) edo Ohorezko Saria jasoko duen Albertina Carri argentinar zinemagilea. Carrik jaialdiaren hasiera ekitaldian jasoko du aintzatespena, otsailaren 28an, Arriaga antzokian. 

Gainera, jaialdiak ZG PRO topaketa profesionala indartuko du martxan dauden proiektuen aurkezpenekin, klase magistralekin eta Europako LGTBI+ jaialdien topaketarekin.  Azkenik, Zinegoak Euskal Herriko hainbat herritan zehar ere ibiliko da, ZG Hedapena programari esker. Programa horren bidez, sexu aniztasunarekin lotutako ikus-entzunezko