Katixa Agirrek eta Maite Larburuk ‘Kax-kax-kax!’ errezitaldia eskainiko dute Arriaga Antzokian

Arriaga antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak sustatutako ‘Literatura eta Musika Euskaraz’ zikloaren beste saio bat izango da gaur, otsailaren 21, antzokiko foyerrean. Katixa Agirre idazlea eta Maite Larburu musikari eta kantaria izango dira bertan, ‘Kax-kax-kax!’ errezitaldia eskaintzeko.

 Antolatzaileek jakinarazi dutenez, musikak eta hitzak bat egingo dute emanaldian, eta bertaratutakoak “mundu poetiko eta musikal batean murgilduko dira”. Agirrek eta Larburuk kontatu eta kantatu egingo dute, “biak ere ezagunak baitira, hurrenez hurren, beren planteamendu literario eta artistikoen originaltasun eta edertasunagatik”.

 Zehazki, idazleak eta musikariak hitz bat izango dute abiapuntu, “mundu imajinagarri guztietarako pasabidea irekitzen eta ixten dien hitza: ate”. Kontzeptu gisa, hitzak esanahi eta konnotazio ugari ditu, eta bi artistek erabili egingo dituzte errezitaldian, dibertitzeko eta pentsarazteko. 

Errezitaldia 19:30ean hasiko da, Arriaga antzokiko foyerrean, eta sarrerak salgai daude, 15 euroko prezioan, www.teatroarriaga.eus webgunean eta antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.