Bilboko Udalak ’kultura urteko 365 egunetan’ delako leloa berreskuratuko du berriz ere 2022an. Aurten ere, hiria lehen mailako tokiko eta nazioarteko kultur proposamenez beteko da, bilbotarren aisialdia kalitatezko jarduera aberasgarriz betetzea bilatzen dutenak.
“Kultura funtsezkoa da gure hiriarentzat. Horregatik, Udalak apustu sendoa egin du gure auzoak kalitatezko proposamenez beteko dituzten ekimen kulturalei balioa emateko. Udalarentzat nahitaezkoa da, urtero egiten dugun bezala, herritarrek kultur programazio askotariko, irisgarri eta, gehienetan, doakoa izan dezaten erraztuko duten ekimenak sustatzea eta babestea. Une zaila eta ziurgabetasunez beterikoa igarotzen ari gara, baina kultura zuzenean bizitzeko emozio hori berreskuratzea funtsezkoa da, eta guztion artean lortzen ari gara. Horrela, bilbotarrak kultura hurbiletik sentitzera gonbidatzen ditut, gure kale eta barrutietan, 2022 osoan zehar”, adierazi du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak.
Informazio guztia herritarren eta Bilboko bisitarien eskura egon dadin modu ordenatu eta errazean, Udalak “Kultura sentitu” agenda argitaratu du, Uriko kultura-jardueraren eta aisialdiaren funtsezko eduki guztiak biltzen dituena. Horrela, dokumentu honek, auzo eta espazio kultural desberdinetan antolatuko diren jarduerei buruzko informazioa biltzen du 50 orrialde ingurutan: antzerki, zinema eta musika jaialdiak, literatura lehiaketa eta jardunaldiak, jarduera artistikoak, dibulgaziozkoak eta ondarearen sustapenekoak, sorkuntza ikastaroak eta tailerrak.
Urteko katalogo berri hau 10 talde handitan egituratzen da: Arte Eszenikoak; Museoak; Arte Bisualak; Diseinu eta Industria Sortzaileak; Literatura; Gizartea eta Ezagutza; Ikus-entzunezkoa; Musika, Ondarea eta Izaera; Aisi Kulturala eta Gertutasun Kultura.
“Arte Eszenikoak. Eszena Laztanduz” atalean, ezin dira falta hiriko espazio eszenikoak, publikoak zein pribatuak, hala nola Arriaga Antzokia, Euskalduna Jauregia, Pabellón 6, BBK Aretoa, La Fundición, ZAWP edo Zirkozaurre. Atal honetan, BLV – Art, Kalealdia eta BAD bezalako jaialdiak ere badaude.
Bilboko museoak ere badute atal nabarmena, hiriko bizitza kulturalaren traktore gisa eta Bilboren esentzia bera izateagatik: gure sustraiei eta tradizioei lotutako museoak; hala nola Euskal Museoa, Arte Berreginen Museoa, Arte Sakratuaren Museoa edo Arkeologia Museoa; eta bi pinakoteka nagusiak; Guggenheim Museoa eta Arte Ederren Museoa, alegia.
Arte bisualei dagokienez, gida honetan hainbat espazio agertzen dira, hala nola BilbaoArte Fundazioa, Rekalde Aretoa edo Azkuna Zentroa, arte garaikideko proposamenen erreferentzia; baita MEM, FIG eta Basquedok bezalako jaialdi eta ekitaldiak ere.
“Diseinu eta Industria Sortzaileak: Sorkuntza Dastatuz” atalak Espacio Open, BIAAF edo Bilbao Maker Faire bezalako ekimenak biltzen ditu.
LITERATURA, ZINEMA ETA MUSIKA
Literaturak, zinemak eta musikak espazio nabarmena dute “Kultura sentitu” agendaren barruan; izan ere, asko dira Bilbok diziplina hauekin programatzen dituen jarduerak.
Bilbok Udal Liburutegien Sare handia du, adin guztietarako milaka liburu, CD, film eta aldizkari bilbotarren eskura jartzen dituena. Gainera, hiriak urteko hainbat Liburu Azoka eta literatur lehiaketak hartzen ditu.
Bidebarrieta Kulturgunea astero literaturari buruzko hainbat aktibitate eskaintzen dion espazioa da; aurkezpenak, gaurkotasunarekiko zikloak edo liburuak, egileak eta literaturaren munduko figura garrantzitsuak barne duten bestelako ekitaldiak, alegia. Izan ere, Bilboko bizitza kulturalean literaturak ohorezko postua dauka, BilbaoPoesía, Gutun Zuria edo JA! Bilbao jaialdiekin.
FANT eta ZINEBI edizio berri banarekin itzuliko dira 2022an. Lehenengoa beldurrezko eta fantasiazko generoaren zaleen gozamenerako, eta film laburren eta dokumentalen jarraitzaileen gozamenerako bigarrena. Baina ez dira bakarrik egongo: Gizazinea, Caostica edo BBK Mendi Film Fest bezalako erakusketak ere ohiko egunetan programatuko dira.
“Musika. Arima entzunez” atala ere informazioz beteta dago; alde batetik, musika-egutegia genero guztiei eskainitako jaialdiak – Musika Música, Bilbao BBK Live, Bilbao Ars Sacrum, etab.- eta bestetik, urte osoan genero guztietako kontzertuak programatzen dituzten ekipamendu publiko eta pribatuak, hala nola Bilborock Aretoa, Kafe Antzokia, Sociedad Filarmónica, Bilboko Koral Elkarteak, BilbaoMusika eta Bilbaina Jazz Club.
Bilboko Udalak 8.000 ale argitaratu ditu euskaraz eta gaztelaniaz, eta doan banatzen hasi dira Udaltegietan, Udal Informazioko Bulegoetan, liburutegietan, elkarteetan eta bestelako gizarte-, kultura- eta hezkuntza-ekipamenduetan. Modu digitalean ere udal webguneetan deskarga daiteke.