XIX. Laburbira otsailaren 25etik martxoaren 27ra egingo da

Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak 19. aldia egingo du aurten, eta 29 herritara iritsiko da bederatzi filmek osaturiko bilduma otsailaren 25ean Areatzan (Bizkaia) hasi eta apirilaren 4an Lantaronen (Araba) amaituz.

“Askotariko lanez gozatzeko aukera izango du ikusleak, eduki zein estiloz aniztasun handiko bilduma osatu baita aurtengo edizioan”, adierazi dute Topagunetik. Bederatzi film laburrek osatzen dute aurtengo sorta, horietako asko ibilbide oparoa egindakoak dagoeneko mundu zabaleko zinemaldietan: Iban del Campo arrasatearraren ‘Serendipia’, iazko Kameratoia rallyko lan irabazlea den ‘Itsasoaren mugimendua’ (Alba Romera eta Rony Levoz), Paula Iglesiasen ‘Lanbroa’, ‘Falta zaizuna’ (Jose Luis Lopez), ‘Hurrengo geltokia’ (Naia Aizpurua), ‘Rewing’ (Amaia San Sebastian), ‘Turnoka’ (Aitor Alberdi), ‘Subandilla’ (Josu Martinez) eta ‘Itsaso’ (Sergio Martinez).

Horrela, “euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta da” Laburbira, 2021ean zehar ekoitzitako film labur adierazgarrienak ezagutu eta berauetaz gozatzeko aukera eskaintzen baitie herritarrei. Urtero bezala, gainera, aurten ere zuzendariekin solasaldia egiteko aukera izango da hainbat emanalditan. Laburbira zirkuitua Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du, ikus-entzunezkoen sorkuntza hauspotzeko bultzatzen dituen beste hainbat egitasmorekin batera: Benito Ansola Saria, Durangoko Azokako Irudienea gunea, DemaSA lehiaketa eta Kameratoia.

Aurten 19. edizioa beteko du euskaraz ekoitzitako film laburren zirkuituak, eta urtez urte sendotzen doa egitasmoa. Horren erakusgarri, aurtengo ediziora aurkeztutako film kopurua: 19 aurkeztu dira Laburbirara, eta horietarik bederatzi hautatu dira herriz herri ikusi ahal daitezen. Aukeraketa prozesua lurraldetasuna, genero berdintasuna eta lanen maila kontuan hartuz burutu da.