Ni eta Gu, horra bizitza osoan gizakiak bizi duen dikotomia, batzuetan erosoa, besteetan gatazkatsua. Haurtzaroan eman zaion informazioarekin borroka egin beharko du gero, ahots propio bat aurkitu arte, begirada berriak, gogoeta iturri ezberdinak. Eta guztiaren lekuko erraldoia, itsasoa, haren inguruan umotutako bizitzen kronikak poetari inspiratu dizkion presentzia infinitua, agortezina. Barkamena eskatu behar dizuet mende guztietako arrantzaleei, itsasoaren garratzik ezagutu gabe itsasoaz idaztera ausartzen naizelako. Zer jakingo du horrek! Hitzak josten soilik; ba ote daki antxoa eta sardina bereizten? Ni ere, zuek bezala, albarekin esnatzen naiz eta ostantzarekin oheratzen.