FotoArte argazki lehiaketa berreskuratu du Gasteizko Udalak

Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak FotoArte argazki lehiaketa antolatu du berriro, 17. aldiz, pandemiak eragindako urtebeteko geldialdiaren ondoren. Literatura izango da aurtengo edizioaren ardatza, eta interesdunek ostegunetik martxoaren 20ra bitarte bidali ahalko dituzte argazkiak, udal webgunearen bidez.

Estibaliz Canto Kultura zinegotziak lehiaketaren aurkezpenean adierazi du “herritarrak argazkilaritzara gerturatzea, sormena bultzatzea eta sorkuntza prozesua sustatzea” direla lehiaketaren helburuak, eta nabarmendu dagoeneko sendotuta dago. “Gure asmoa da jarduera artistikoa modu erakargarrian ikusaraztea, bere edozein fasetan, argazkigintzak soilik eskaini dezakeen ikuspegi berezi horren bitartez”, gaineratu du. Lehiaketak bi fase izango ditu, ohi bezala. Lehenengoa, lehiaketa bera, ostegun honetatik martxoaren 20ra izango da, biak barne, eta interesdunek udalaren webgunearen bidez parte hartu ahalko dute, epe horren barruan. Artista bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahalko ditu lehiaketara, eta horien gai nagusia literatura izango da.

Hiru sari egongo dira: 1.000 euro lehenarentzat, 700 euro bigarrenarentzat, eta 400 euro bertako artista batentzat. Gainera, 150na euroko bi accesit emango dira. Bertako artistarentzako saria Gasteizen bizi diren edo bertan lanean edo ikasten ari diren pertsonek aurkeztutako lanen artean hautatuko da.

Argazkigintzan eta artean eskarmentu handia duten hiru pertsonak osatuko dute epaimahaia. Bigarren fasea maiatzaren 31n hasiko da, Pilarreko gizarte etxean, saritutako lanen aurkezpen galarekin eta epaimahaiak hautatutako 32 argazkien erakusketa ibiltariaren inaugurazioarekin. Ondoren, beste gizarte etxe batzuetan jarriko da ikusgai erakusketa. Udalaren webguneko gune birtual batean ere ikusi ahalko da. Aldi berean, herritar guztiei zuzendutako jarduera osagarriak antolatuko dira, hala nola hitzaldiak, solasaldiak, lantegi praktikoak, mahai inguruak eta erakusketak. Aurrerago emango da horien berri.