Datorren asteazkenean, otsailak 23, Getxon, Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival-LKBSFF 2022 jaialdiaren inaugurazio-jardunaldia egingo da, surfaren eta irristatze-kirolen inguruan garatutako diziplina anitzeko lehiaketa ludiko eta didaktikoa; otsailaren 23tik 27ra Bilboko Itsasmuseumen izango da eta, lehen aldiz, gure udalerrian ere bai. Bost egunean zehar zenbait ekintza gozatu ahal izango ditugu: jarduera parte-hartzaileak, hitzaldiak kirol eta ikus-entzunezko industriako pertsonekin, erakusketak, skate txapelketa…
Getxoko egitaraua
LKBSFFren inaugurazio-eguna asteazkenean, hilak 23, goizeko 09:30etik aurrera izango da, Muxikebarrin, herriko ikastetxeetarako goizeko proiekzioak eskainiz. Proiekzioak informazio-hitzaldiekin eta hezkuntza-tailerrekin batera egingo dira, kultura eta kirola sustatzeko eta ingurumenarekiko errespetua eta inklusio eta dibertsitatea bultzatzeko helburuez, horiek izanik surfaren munduak transmititu beharreko gai eta balio nagusiak.
11:30ean, Getxo Elkartegian, Sustapen Ekonomikoaren egoitzan, mahai-ingurua izango da eta bertan parte hartuko dute Getxon eta Euskadin ikus-entzunezkoen industriako erreferente eta profesionalek. Besteak beste, Jon Aspuruk, Edu Bartolomek, Kepa Acerok, Arrate Aranak, Alex García de Vicuñak (Marmoka Films), Itziar Garcíak (“Cholitas” eta “Pura vida” filmen zuzendaria) eta GetxoExpressen ordezkariek hartuko dute parte.
Arratsaldean, 19:00etan, Muxikebarriko Ereaga aretoan, erakundeetako eta parte hartzen duten sektoreetako (ikus-entzunezkoak, kirola, kultura, ekonomia) ordezkariek jaialdiaren inaugurazio ofizialean parte hartuko dute, streaming bidez (Twitch). 8 film proiektatuko dira, horietatik 4, sail ofizialean lehiatuko dira: “By Women”, “Diario de África”, “Arcadia” eta “Natxo González Reels”, azken bi horiek Kepa Acero eta Jon Aspuru getxoztarrenak, hurrenez hurren. Proiekzioetara joateko sarreraren prezioa 7 eurokoa da.
Jardunaldia amaitzeko, topaketa labur bat egingo da Barinatxe aretoan enpresekin eta profesionalekin.