Kontzertua otsailaren 12an izango da 19:00etan, Baztartxo Udal Antzokian.
Kontzertuan bere azken lana aurkeztuko du; Irteera argiak. Irteera argiak Eñaut Elorrietak azken urteotan garatutako ibilbidearen ondorio zuzena da. Oso gaztetan kantuan hasi zenetik urrats bat harago egin du proiektu bakoitzean, beti gorantz, sorkuntzan, interpretazioan, eskenatokiaren gaineko agerpenetan eta, batez ere, publikoaren aurreko perzepzioan.
Aukera ezinhobeagoa du publikoak lan berri honen eta kantariaren eskutik abesti berrion zapore gozoa bezain sentikorra eskuzabalki jasotzeko. Lan berria erabat sinesgarria eta atsegina baita, eta neurri handi batean baita hunkigarria ere.
Disko berriko abesti sendoez gain, bere errepertorio esanguratsuaren esentzia ere ekarriko du Eñautek zuzenetara, haseratik erakutsi dituen zintzotasuna eta benetakotasuna eskenatokira ekarrita. Batetik, barruan dituen kezkak eta sentipenak kantu eder bilakatu dituelako eta hala eskaini dizkigulako, ondoan gauzka kantariak, bihotz berekoak garela sentierazten digularik. Bestetik, kantuek musikaren naturalitateari erantzuten diote, ondoan dituen musikari bikainen lana eta eragina jasoaz, kantuaren oinarria galdu gabe, makinen erabilpen hutsaletik urrun, apaindura soberakorik gabe. Kontzertuak, horrela, humanitatean irabaziko du. Musikaren magia jotzaile talentoa, trebeziaren eta elkarren arteko konplizitatearen baitan dagoela agerian utziz.
Doinu-oinarri iradokitzaile honen gainean kantaria, bere ahotsaren beroaz, tesitura eta forma berrietan esperimentatzen du. Ludiko eta jostari azaltzen da, bare eta zuzen, gure bihotzean barrena bide egiten duen bitartean.
Aspalditik dator Eñaut Elorrieta eta urrutira doa, baina hurbil dago beti. Eta ahalegin honetan erakusten duen kemena eredugarria iruditzen zaigu, bere zereginean etenik gabe ikastea eta hobetzea baitu helburu, kantuen bidez gizakion barrua behin eta berriz eguzki argitara jarriz, gure arima ospelak epeltzeko saiakera amaigabean.