Deabru Beltzak euskal konpainiak kaleko ikuskizun onenaren Max Saria jaso zuen 2021ean ‘Symfeun‘ lanagatik, eta orain horren kopia bat eman dio udalari. Ikuskizuna KaldeArterekin batera ekoitzi zuten, eta 2019ko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldian izan zen ikusgai.
Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok Deabru Beltzak taldeko ordezkari Oscar Castañoren -Garbitxu– eskutik jaso du garaikurra, eta ekitaldian Kultura Zerbitzuko taldea ere izan da, lankidetza horren bideratzaile izan baitira.
“Oso hunkigarria da Max Saria Deabru Beltzak konpainiarekin partekatu ahal izatea. Deabru Beltzak arte eszenikoen arloko talde finkatuenetakoa da nazioan zein nazioartean” adierazi du zinegotziak.. “Zorionak eman nahi dizkiet 25 urte ibilbidean egindako lan izugarriagatik. Sari honek sendotu egiten du bere lan bikaina” gaineratu du.
Castañok, bestalde, eskertu egin du Kultura Zerbitzuak proiektu hau aurrera ateratzeko emandako babes handia, eta zuzeneko arteen alde egiten duen apustu irmoa. “Max Sariak indarra ematen digu bizi ditugun garai zail hauetan aurrera egiteko” adierazi du.
Eta berri bat eman nahi izan du. Deabru Beltzak konpainiak, Hortzmuga Teatrorekin batera, “Senta” ikuskizun ibiltari berria estreinatuko du ekainean, 2022ko KaldeArteren inaugurazioan. Gasteizko udalak ere ekoitzi du ikuskizuna.