Emakumez osatutako kartela 2022ko Ribera Sounden

Uztailaren 15etik 17rako asteburuan izango da aurtengo Ribera Sound festibala, Tuteran. Emakumez osatu dute kartela “musika jaialdietan dagoen gizonen eta emakumeen arteko arrakalaren erantzun gisa”.

Rozalen, Amaia, Natalia Lacunza, Ana Tijoux, Chica Sobresalto, Anne Lukin eta beste hainbat musikari bilduko dira Tuteran, uztailaren 15etik 17ra, 2022ko Ribera Sound jaialdian.

Karteburuez gain, Sofia Gabanna, MARLENA, Maria Blaya, Miss Raisa, Paula Mattheus, Andrea Santiago eta DJ AWWZ, Cristina Casado, DREA, HITO, NIKKA, XUNE eta Zaira Sanchezek osatzen dute programazioa.

Festibaleko talde gonbidatu guztiak emakumez osatuta daude, jaialdiko antolatzaileek jakitera eman dutenez, “musika jaialdietan dagoen gizonen eta emakumeen arteko arrakalaren erantzun gisa”.

Ribera Soundek ohar bidez azaldu duenez, “musikaren industrian, emakumeen papera transbertsala da” eta “egun dagoen desberdintasunaren aurka borrokatu behar da”. Azkenaldian aurrerapenak egon diren arren, proiektua aurrera eramateko gogoz daude jaialdiko antolatzaileak “aspalditik frustrazioa” eragin dien arrakala desagerrarazteko pauso txiki bat izan daitekeelakoan.

Sarrerak otsailaren 11an jarriko dituzte salgai, 12:00etan.