Auzo eszena programaren denboraldi berriak 9 ikuskizun eskainiko ditu Gasteizko gizarte-etxeetan, otsailaren 20tik maiatzaren 22ra. Antzerkia, magia, bakarrizketak, musikala eta abar izango dira gazte eta helduentzat. Ikuskizunetako bat berreskuratu egin da Covid 19a dela eta bertan behera geratutako programaziotik. Sarrerak otsailaren 9tik aurrera izango dira salgai gizarte-etxeetan, eta internet bidez
“11. edizioa duen programa honen bidez, aukera eman nahi diegu Gasteizko talde ez profesionalei beren lanak jendaurrean aurkez ditzaten, eta parte hartzaileek oso ondo baloratzen dute hori, batez ere pandemia-garaietan. Eskainitako ikuskizunen guztietan segurtasuna bermatuko dugu” adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.
Igandeetan eskainiko dira, Arana, Aldabe, Ariznabarra, Arriaga, Ibaiondo, Salburua eta Zabalganeko gizarte-etxeetako ekitaldi aretoetan.
Programa otsailaren 20an hasiko da, Araneko gizarte etxean, Ciro Diro-ren “Soy un fraude” bakarrizketarekin; martxoan hiru ikuskizun izango dira: 6an ‘Kabia’ antzezlana Aldaben; 13an, Mago Goyoren “Txirriski Mirriski” magia eta mentalismo ikuskizuna; 27an, “Decidme cómo es un árbol” poesia errezitaldia, Poetas Rojos klubaren eskutik.
Apirilean, Teatrachok “Morir … o no morir ‘ lana aurkeztuko du Salburuko gizarte-etxean; Azirkarte eta Arai Dantzak, berriz, “Biok Batera” zirku-sozial ikuskizuna, Ibaiondoko gizarte-etxean.
Maiatzeko ikuskizunak: Auskalhopen “El lobo, el funanbulista y el bosque encantado” familientzako antzezlana Aldaben; Ipazapiren “Atraco a las 9” Zabalganean, eta Juanjo Monagoren “El asesino” lana Ariznabarreko gizarte-etxean.
9 obra horiek osatzen dute Auzo Eszenaren otsailetik maiatzera bitarteko eskaintza. Urritik abendura beste 11 lan eskainiko dira.
Emanaldi guztiak igandeetan izango dira, 19:00etan hasita, eta zorrotz beteko dira covid-19aren aurkako araudiak unean-unean ezartzen dituen osasun-neurri guztiak.
Sarrerak otsailaren 9an jarriko dira salgai gizarte etxe eta kirol-instalazio guztietan -pilotalekuetan izan ezik- eta internet bidez (internetez emanaldia hasi baino ordubete lehenagora arte). Sarrerek 3 edo 5 euro balioko dute.