Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Ion Munduateren Cuerpos por un momento erakusketa aurkeztu du, Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren barruan (A02 aretoa, 2022ko maiatzaren 29ra arte). Erakusketaren pieza nagusia Lucía con zeta da, 1998an datatutako bideoa, 2020an erosi zena Bilduma partekatua ekimenaren esparruan. Erakusketa hau dela eta, Artium Museoak Sergio Pregok idatzitako argitalpen bat argitaratu du. Testuinguruak bilduma batetik abiatuta bere helburuen artean ditu, beste ekimen batzuekin batera, Artium Bilduma Museoaren ezagutza sustatzea, artista beraren beste pieza batzuekin batera erosi berri diren lanak aurkeztuz.
Marrazkia eta oharra daude Cuerpos por un momento-n jasotako lanaren jatorrian (Caja Roja, 1998, Lucia con zeta, 1998 eta Traduciendo Locus, Cuaderno 1, 2016, azken hau Blanca Calvorekin egina); artistaren ibilbideko hainbat unetan egindako bideoak dira.
Mugimenduan dagoelako bihurtzen da zerbait beste zerbait, aurreko une baten eta ondorengo une bitartegabe baten artean kokatzen delako. Mugimendu bakoitza kontramugimendu batean oinarritzen da, edo mugimendua berreskuratzean konpentsazio edo «arnasa hartze» bat gertatzen da, eta horrek sortzen du haren bolumena. Dantzaren ikaskuntzak eragindako gelditasun-egoera batetik, artistak mugimendua eta bere haren berriz pentsatzen hasi behar izan zuen, gorputz galduarekin berriz elkartzeko.
Prozesu, performance edo bideo bakoitza marraztuz hasten zen. Marraztutako lehen izakiak, Personne (Inor ez) izenekoak, Lucía con zeta (1998) lanean, oinez ibiltzen ikasten zuen.
Marrazki-sailak mugitzera bultzatzen zuen, mugimendu-esaldiak sortzera. Idatzohar eta idazketaren nozioak eragiten du pieza hau mugi dadin. Hauxe izango litzateke bere lehen mugimendu-partitura, denbora, izateko denbora harrapatzeko ahaleginean. Marrazkiak irakurtzean, marrazki izatea lehenesten da, ez subjektu, mugimenduan dagoen gorputza marra bat bezala pentsatzea. Zerbaiten urruntze-mugimenduan pentsatzea, eta zerbaitetara hurbiltzea, tartearen nozioa. Ashkan Sepahvand idazle eta itzultzaileak bezala, tartea «[…] hibridazio- eta mutazio-prozesu gisa ulertzen da, banantze-prozesu gisa baino gehiago, berritze-ekintza gisa, eta ez transferentzia-ekintza gisa».
Ion Munduate (Donostia 1969), dantza-performancean eta zen tekniketan trebatu da Donostian, Madrilen eta Parisen. Bere lanean bideoa, instalazioak eta performancea erabiltzen ditu. Mugatxoan (1998-2012) proiektuaren zuzendaria izan da, Blanca Calvorekin batera. Proiektu horrek Gure Artea saria jaso zuen 2015ean, ikusizko arteen arloan egindako lanarengatik.