Apirilaren 23tik 27ra egingo dute arte garaikideko erakusketa Italiako hirian, Cecilia Alemani komisario dela.
June Crespo (Iruñea, 1982) artistak apirilaren 23tik azaroaren 27ra egingo den 59. Veneziako Bienalean (Biennale Arte 2022) hartuko du parte, antolatzaileek gonbidatu eta gero. Arte garaikidean nazioarteko erreferente nagusi den erakusketa honetan, 58 herrialdetako 213 artistak hartuko dute parte, eta 1.400 artelanetik gora egongo dira ikusgai.
“Nola ari da aldatzen gizakiaren definizioa? Zerk osatzen du bizitza eta zerk ezberdintzen ditu landareak animalietatik, zerk gizakia, gizakia ez denetik? Zein dira planetarekiko, beste pertsonekiko, beste bizimoduekiko gure ardurak? Zein itxura izango luke bizitzak gu gabe?”. Cecilia Alemani erakusketako komisarioaren hitzetan, horiek dira Bienalaren edizio hau gidatuko duten galderak.
June Crespok “gorputzari eta honek arkitekturarekin dituen harremanei buruzko hizkuntza bat lantzen du eskulturatik”, Etxepare Euskal Institututik azaldu dutenez.
2021ean Artium Museoak iruindar artistaren ibilbidearen une ezberdinetako lanak eta proiekturako berariaz ekoitzitakoak bildu zituen ‘June Crespo. Helmets’ erakusketan.