“Esther Ferrer eta denbora” liburu ilustratuaren aurkezpena

Aintzane Usandizagak eta Aran Santamariak “(Ia) guztia moztu eta itsats daiteke” liburua aurkeztu dute, “Ferrerren unibertso kontzeptualean oinarritutako fikziozko lana”. 

Aintzane Usandizaga idazleak eta Aran Satamaria artistak  “(Ia) guztia moztu eta itsats daiteke. Esther Ferrer eta denbora” liburu ilustratua aurkeztu dute Donostian, San Telmo Museoan.

Esther Ferrer donostiar artistak denboraren inguruan egindako hausnarketak daude liburuaren oinarrian, eta “modu jostagarri eta ederrean horiek ezagutaraztea” da lanaren helburua. “Esther Ferrerren estetika gogorarazi dezakeen collagezko muntaia eta hitz dantzarien bidez, denbora harrapatzeko ahaleginetan murgilduko da irakurlea”, erantsi dute.

Haizea Barcenillak eta Garazi Ansak zuzenduko duten Bagara sailaren lehen emaitza da liburu hau. “Baginen Bagara. Emakume Artistak: Ikusgarritasun(ez)aren Logikak” erakusketa du ikusgai museoak, emakume artistek, tartean Esther Ferrerrek (haren hiru lan daude), egindako lanak biltzen dituena eta horietako asko ezezagunak egiten zaizkigun arrazoien inguruko hausnarketa proposatzen duena.