Bilboko Arte Ederren Museoak, Tabakalerak eta Artiumek arte garaikidearen aldeko apustua egin dute

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bigarrenez eman du, pandemiaren ondorioei aurre egiteko helburuarekin, artelanak erosteko 150.000 euroko dirulaguntza. Artium Museoak, Bilboko Arte Eder Museoak eta Tabakalerak elkarrekin adostu dute zein obra erosi

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 150.000 euroko ez ohiko dirulaguntza bideratu du bizirik dauden euskal artisten arte garaikidea erostera. Bigarren aldia da Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza hau eman duela. Helburua hirukoitza da: batetik Covid-19ak gogor jotako sektore ezegonkorrean ekonomia arintzea, bestetik ondare historiko artistiko publikoa aberastea eta eguneratzea, eta azkenik museoen eta euskal arte garaikidean espezializatutako zentroen arteko ekintza bateratua eta koordinatua indartzea. Izan ere, dirulaguntza honen bidez Artium Museoak, Bilboko Arte Eder Museoak eta Tabakalerak elkarlanean  erabaki dute zein artelan erosi. Horrela Euskadiko gainerako museoekin partekatu daitekeen bilduma bat osatzen jarraituko du Artium Museoak. Guztira 15 artistaren 49 lan (7 emakume, 7 gizon eta talde bat) eskuratu dira.

Artium Museoan egin den ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria, Arabako Diputatu Nagusi eta Artium Fundazioko Patronatuko presidente Ramiro Gonzalez, Artium Museoko zuzendari Beatriz Herráez, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari Miguel Zugaza eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentrokoko zuzendari nagusi Edurne Ormazabal egon dira.

Bilduma partekatua

2020an bezala, Bilduma partekatuaren erosketak Bilboko Arte Ederren Museoaren, Donostiako Tabakaleraren eta Vitoria-Gasteizko Artium Museoaren partaidetzarekin egindako esku-hartze baten bidez egin dira. Artium Museoa izango da titulartasun publikoko funts horren egoitza.

2021eko bigarren seihilekoan, hiru erakunde artistikoak elkarlanean aritu dira erakunde arteko batzorde batetik, museoan aurkeztu diren obrak erosteko. Funtsa, azkenean, 15 artistaren 49 lanek osatzen dute (7 emakume, 7 gizon eta talde bat). Hautatutako piezen artean margolanak, argazkiak, eskulturak, collageak, bideoak, instalazioak, marrazkiak eta obra grafikoak daude, besteak beste.

Obren azken aukeraketa egiteko erabilitako irizpideen artean, honako hauek daude: artistek parte hartzen duten erakunde bakoitzaren programen barruan duten interesa; segmentu eta ibilbide desberdinei erantzutea, sendotuenetatik hasi eta belaunaldi gazteenetara; oraintsuko ekoizpenak eta obra eta dokumentu historikoak; eta galeriekin eta Euskadin artearen sistema osatzen duten beste eragile batzuekin egindako lana. Gainera, obren hautaketa eta erosketa kulturan sexuen arteko berdintasunaren arloko gomendioei jarraituz egin da, eta gomendio horiek parekotasuna dute helburu.

Plan honen barruan eskuratutako obrak Artium Bilduma Museoan sartuko dira izaera publikoko ondare-funtsaren zati gisa, eta Bilduma partekatua epigrafean katalogatuko dira.

Honako artista hauen artelanak dira 2021eko Bilduma partekatuan bildutakoak: Raisa Álava, Malús Arbide, Manu Arregui, Juana Cima, Patxi Cobo, Detritus, Raúl Domínguez, Iñaki Garmendia, Iñaki Gracenea, Asunción Goikoetxea, Kimia Kamvari/Nader Koochaki, Gala Knörr, Erlea Maneros Zabala, Merche Olabe eta Manu Uranga.

2020ko artelanak

Bigarren aldia da Kultura eta Hizkuntza Politika sailak ezohiko dirulaguntza hau bideratzen duena bizirik dauden euskal artisten arte garaikidea erostera. 2020an izan zen lehena eta orduan guztira 24 artistaren (14 emakume, 9 gizon eta kolektibo bat) 34 lan eta edizio grafikoko 8 ale erosi ziren.