“Erre. Aldarri bat bertsoz” gizartearen dualtasunari buruzko emanaldi berria

Bitasuna. Beltza edo zuria. Eguna edo gaua. Bizitza edo heriotza. Gizartea dualtasunaren dikotomian ezarrita dago egun, oraindik ere. Errealitate horri kontraesan eta erreflexiorako bidea zabaltzeko asmoz, baina, jaio da Erre. Aldarri bat bertsoz, Haizea Arana, Leire Vargas, Aner Peritz eta Oihana Aranak prestatu duten emanaldi berria, Euskal Herriko antzokietan barrena bidaia hasiko duena datorren otsailaren 5ean Durangon.

Lagun talde honek bertso munduan esperientzia dauka, baina laurek batera halako zerbait egiten duten lehen aldia da. Eta ez da euren ideia propioa izan. “Proposamen bat iritsi zitzaigun Lanku kultur zerbitzuetatik”, dio Aner Peritz Euzkitzek egunkari honi; elkarrekin bertso emanaldi bat egitea proposatu zieten, baina hortik aurrera bidea “irekia” zuten nahi bezalako sorkuntza eratzeko.

Bertso-saio honen inguruan bueltaka hasi zirenean, “guri eragiten ziguten eta zeharkatzen gintuzten gaiei buruz” elkarrizketa bat sortzea erabaki zuten. Eta nola? Bada, dualismoena edo bitasunena “oso marko egokia” litzatekeela onartu zuten, nola “mundua bitan banatuta dagoen gauza askotarako eta nola funtzionatzen duen oso bitan”. Horren harira, zerrenda luze bat egituratu zuten, egunerokotasunean indarrean dauden dikotomiena, eta “gehien interesatzen” zitzaizkienak hautatu zituzten.

Ideia-jasa horretatik hiru bitasun kon-tzeptu aukeratu zituzten, euren emanaldiko ardatz nagusi bezala ezartzeko. Alde batetik, generoarena; bestetik, identitatearena eta, azkenik, bertsoarena. Orokortasun horietatik, “bitasun konkretuagoei buruz” hitz egiteko espazioa prestatu dute.

Bitasun hauen aukeraketak sustrai sakona dauka laukote honen izate edo identitatean eta berau horren kuttuna duten bertso inguruan errealitate bihurtzeko nahiean. “Laurok daukagu gure burua marika edo bolleratzat”, baieztatu du Peri-tzek; “badira guk gure egunerokotasunean hizketagai bezala erabiltzen ditugun gai batzuk. oso errealki bizi ditugunak, baina akaso, bertso munduan edo plaza orokorrago batzutan hainbeste landu ez direnak”. Eta gogoa badute hori aldatzeko, gai berriak sartzeko eta “esplikatu eta esan gu horiekin bizi garela. Gu lehendik gabiltzala plazan eta ohitu garela hain gureak ez diren gai batzuei buruz kantatzera”.

Dibertsitatea esfera berrietara zabaltzeko bide horretan hamar “eszena” edo “piezetan” banaturiko ikuskizuna egituratu dute. Zati bakoitza ez dute bitasun baten inguruan prestatu, hala ere; eszena batean dualismo bat baino gehiago jorratu dezakete eta beste dikotomia batentzat, pieza bat baino gehiago erabili. Gainera, bertso-saio tradizional baten ordez, “hibrido” moduko batean murgildu dira, beste diziplina artistiko batzuk sartu dituztelarik; hala nola, musika, zuzenekoa edo aurretik grabatua, eta antzerkia. Azken honetarako, Edurne Azkarateren laguntza izan dute, bera ibili baita zuzendari lanetan, “gutako inork bereziki landu ez dugun” arloa izanik.

Saio honek beharrezkoa den erreflexioa planteatzeko gogoetak plazaratzen ditu, baina barre egiteko eta gozatzeko aukera ere badela ziurtatu du Peritzek, “umoretik ere dezente daukalako”, batez ere “gurekin diskurtso eta bizipen batzuk elkarbana-tzen dituen” jendearen artean. Baina baliteke beste pertsona batzuk “erretzea”, ikuskizunak zenbaiti “deserosotasuna” sortuko diona edo “zuzenean kontra egongo dena”. Baina horixe ere bilatu omen dute “neurri batean”. “Ez gara saiatu mundu guztiari gustatuko zaion emanaldi bat egiten”; are gehiago, “saiatu gara jende bati ez gustatzen”. Bai gaiak eta bai beraiek aurkezteko formak nahita dituzten nolabaiteko zuzentasun faltak, “gure amamei” edo “agian gure gurasoei ere” gustatuko ez zaien saio bat sortaraztera eraman die.

Baina belaunaldi helduenei beharbada ulertzea edo onartzea kosta liezaieken kontzeptuak, bitasunak gizartean horren ezarrita egotean aldaketa jazotzeko esperantza badauka bertsolari laukote honek. Dikotomia zurrun horiek desegiten hasita egon daitezke jada, “zentzu batean, hori da aldarrikatu nahi duguna”. Alegia, bi mutur edo ideia kontraesanen artean, kolore bilduma bat jada existituko daitekeela. “Zuria eta beltza baldin badaude, grisak nonbaiten egon behar duela” pentsamendu logikoa izanik, “gai batzutan ari gara konturatzen” gizarte bezala, Peritzen esanetan. Askotan baina, bitasun baten zorroztasunak eragiten ez dion pertsona, normatibotasunean eroso dena, dualtasunaren zilegitasun faltaz ohartzea zaila ere izan daiteke. “Geu zapaldu garen bezala, gai batzutan, beste perspektiba batzutatik zapaltzaile ere bagarelako, ez gara konturatzen askotan bitasun horiek zenbateraino diren errealak eta zenbaterainoko eragina daukaten bizi garen jendarte honetan”. Eta adibide garbia ezartzen du, horren kuttun duten bertsolaritza erabiliz; “saltzen dugu oso aurreratu, oso ezkertiar eta oso leku onargarri bezala eta, leku onargarri horretan, oraindik ere, jende asko bizi da deseroso”.

Hausnarketa, umorea, bien arteko uztar-tzea edota deserosotasunean barrena ikasteko gogoa duenak, bertso-saio hibrido hau ikuskatzeko aukera izango du datorren hilabetetan Gipuzkoan, ostiral honetako Durangoko estreinaldiaren ostean. Oraingoz, otsailaren 18an Aretxabaletan izango dira, hilaren 19an Zizurkilen, martxoaren 4an Soraluzen, 9an Tolosan, 12an Astigarragan eta 25ean Zarautzen.