UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin abiarazitako ARNASA GARA kanpainaren baitan, Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka sortu dute, arnasguneen garrantzia jendarteratzeko antzezlan bat sortzeko
Aurkeztu diren bederatzi egitasmoak aztertu ondoren, epaimahaiak Lesakako Mairu Antzerki Tailerraren ‘Intxaurra’ antzezlana saritu du. Taldeak 23.000 euro jasoko ditu, antzezlana bekaren oinarrietan zehaztutako baldintzen arabera sortzeko eta ekoizteko, eta azaroan estreinatuko dute antzezlana, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan.
Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk agerraldia egin dute, Iruñean, Nafarroako Jauregian, Arnasguneak antzerki bekaren berri emateko eta beka jaso duen ‘Intxaurra’ antzezlanaren egitasmoa aurkezteko. Mairu Antzerki Tailerreko Gaizka Sarasolak idatziko du testua eta, besteak beste, inguratzen gaituen ekosistemak guregan duen eragina islatuko du antzezlanak. Sarasolak berak agerraldian nabarmendu duenez, gaixorik dagoen intxaurrondoaren iruditik abiatuta, enborra biziberritzearen beharra islatuko du antzezlanak, gainerako adarrek ere osasuntsu iraun dezaten. Horrela, euskarararen arnasgune diren herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna agertuko dira istorioan barrena, beti ere sormena eta antzerkiaren kodeak lehenetsiz. Manex Fusch izango da antzezlanaren zuzendaria.
Agerraldian izan dira Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta Aitor Elexpuru UEMAko ordezkaria ere, Mairu Antzerki Tailerreko Gaizka Sarasolarekin batera.