“Lautan Hiru” antzerki jaialdia bueltan da

Aurten, laugarren aldia beteko du Euskaltzaindiaren mendeurrenaren ospakizunen baitan jaio zen LAUTAN HIRU antzerki-jaialdiak. Gainera, indarberrituta dator jaialdia, berrikuntzaz josita: Ikusle kluba, haurrentzako tartea…

Aurten, otsailaren 3an, 10ean, 17an eta 24an egingo da LAUTAN HIRU, eta lau ostegunez jarraian antzerkiz blaituko dira Bilboko Alde Zaharrean.

Bilboko Udalak babesten du jaialdia, eta Euskaltzaindiak aurten ere elkarlanean antolatu du egitaraua, Cafe Bar Bilbaorekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta BIRA Kulturarekin.

Adolfo Arejita Euskaltzaindiko idazkariak euskal kulturak “garai zailak” bizi dituela azpimarratu du gaur, eta “arnasguneak” behar dituela. “Jaialdi honek plazak eskaintzen dizkie antzerkilariei, eta euren lana hauspotzeko aukera”, gaineratu du Arejitak. Pandemiari aurre egiteko beste ezaugarri bat ere aipatu du, hain zuzen, elkarlanarena: “Berezkoa du Euskaltzaindiak elkarlana, eta egitasmo honek erakusten du, hain zuzen, Akademiaren gogoa eta lan egiteko modua, erakundeekin eta kultur eragileekin batera antolatzen dugulako antzerki jaialdia. Hortik datorkio, baita, orain arte izan duen arrakasta”.

Ildo horretan, Arejitak esker oneko hitzak izan ditu, bai Bilboko Udalarentzat, “gure babesle nagusia” den aldetik, bai egitasmoa antolatzen laguntzen duten elkarte eta norbanakoentzat, “euskal kulturako eragileekin batera jokatzea onuragarria ez ezik, ezinbestekoa baita”.

Bestalde, Koldo Narbaiza Bilboko Euskara eta Hezkuntzako zinegotziak adierazi du euskararen normalkuntza “bere erabilera sozialaren mende” dagoela, neurri handi batean, “hau da, gure hizkuntza eremu ez-formaletara eramateko daukagun gaitasunaren mende; bestela esateko, familian, lagunartean, kuadrillan eta abarretan erabili behar dugu, euskara gure astialdian presente egon behar baita”. “Kultur eskaintza honetan euskarak presentzia gero eta handiagoa izan behar du, eta horretarako ari gara lanean”, gehitu du Narbaizak.

Gehienbat, formatu txikiko lanak antzeztuko dira LAUTAN HIRU jaialdian, hala iraupenari, nola muntaketari dagokionez (oro har, 15-40 minutuko piezak izango dira), eta lau agertokitan antzeztuko dira: Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15), BIRA Kulturan (Erronda kalea, 2); Cafe Bar Bilbaon (Plaza Barria, 6); eta 7Katu gaztetxean (Solokoetxeko eskailerak).

Leku guztietan, zorrotz beteko dira Eusko Jaurlaritzak COVID 19ari aurre egiteko ezarri dituen neurriak.

LAUTAN HIRUren helburu nagusiak ez dira aldatu azken urteotan: euskarazko antzerkia hauspotu nahi da (antzezlan guztiak euskaraz emango dira); antzezlanak erakusteko guneak eskaini nahi zaizkie sortzaileei; eta Bilboko Alde Zaharreko giroan eragin nahi da, kultura aukerak zabalduta.

EGITARAUA

OTSAILAREN 3a:

  • HAURRENTZAKO TXOTXONGILO TAILERRAK, 17:30 (7katu gaztetxea): 60 minutuko bi txanda; txanda bakoitzean 12 haur / 6-11 urtekoentzat / Zurrunka teatro.
  • 19:00 (Euskaltzaindia): Susanaren iraultza / Esther Carrizo (50’)
  • 20:00 (BIRA): Lakoste / Eneritz Artetxe (40’)

OTSAILAREN 10a:

  • 19:00 (Cafe Bar Bilbao): Zure sotoko ardoa / XIX. Cafe Bar Bilbao saria – Irakur-keta dramatizatua (25’)
  • 20:00: (BIRA) Ogiak hizketan baleki / Mamiak kolektiboa – Josune V. Mendizabal (45’)

OTSAILAREN 17a:

  • 19:00 (Euskaltzaindia): Artistak eta kazetariak 1.0 / Kaitin Allende (25’)
  • 20:00 (7katu): Ipuin-kontalaria / Maite Arrese (35’)
  • 21:00 (Euskaltzaindiaren egoitzatik abiatuta): Noiz utziko dio euria egiteari / Piszifaktoria Ideien Laborategia (20-30’)

OTSAILAREN 24a:

  • 19:00 (Euskaltzaindia): Tribis – baserri galdue / Jon Ander Urresti (50’)
  • 20:15 (7katu): Udaberria heldu da / Les Bobe Bobe (35’)
  • 21:15 (BIRA): Tatxan magia ikuskizuna / Imanol Ituño + Yogurinha Borova (35-40’)