Uxue Alberdi, idazle eta bertsolaria: “Botereak sortzen du prestigioa”

Uxue Alberdi Estibaritz idazleak Araiz Mesanza ilustratzailearekin batera sortu duen Hili liburu ilustratuak heriotza du hizpide. “Adin batetik aurrera, hil egingo garela ulertzen dugu, ulertzen saiatzen gara”, horixe da proiektuaren abiapuntuko hausnarketa.

Kazetaritza ikasi duzu, eta idazlea eta bertsolaria zara. Ikusten da letren mundua asko maite duzula. Nola hasi zinen mundu horretaz interesatzen?

Umetatik izan naiz letra-, istorio-zalea. Kontatzen gozatzen nuela oso gaztetan jakin nuen. Garbi neukan euskaraz idatzi nahi nuela, eta horregatik aukeratu nituen kazetaritza ikasketak. Karrerako urteak literatura idatzi eta bertsotan ikasteko ere erabili nituen. Nire lehen liburua kazetaritza ikasten ari nintzela idatzi nuen, eta bertsotan Bilboko bertso eskolan ikasi nuen. Ordutik, nire bi ofizioak eta pasioak horiek dira, idaztea eta bertsotan egitea.

Zure azken liburua, Hili, hiltzearen ideiari buruzkoa da. Nola sortu zen ideia hori?

Esango nuke umetatik izan dudala presente gai hori, hilko ginela jakin nuen momentutik bertatik, segur aski. Ondo gogoratzen dut zelan pentsatzen nuen garai hartan: “Hiltzea zer da? Hiltzea ez egotea da”. Nire seme-alabak antzeko galderak egiten hasi zirenean, errealitate horrekin egin nuen topo berriz ere. Momentu bat heltzen da, zeinetan umeak deskubritzen duen hil egingo dela, baita bere ingurukoak ere. Eta finitutasun horretaz konturatzen denean, beste era bateko galderak egiten hasten da; hau da, tran­tsizio momentu bat da, zeinetan umeak bakardadea sentitzen duen beldur edo esistentzia horren aurrean. Hili liburua hiltzearen ideia horretara egindako hurbilketa-ariketa da, toki eta emozio askotatik pentsatuta. Liburuan galdera filosofikoak, umoretsuak, absurduak, poematxoak eta irudiekin jolasten diren kaligramak daude.

Nolakoa izan zen Hili liburuaren idazketa prozesua?

Hiltzearen ideiari buruzko burutazio-zerrenda luze bat egiten hasi nintzen, eta, bertan, galdera, pentsamendu, galdera-erantzunak apuntatzen nituen. Batzuk nik asmatutakoak, beste batzuk seme-alabei entzundakoak, eta izango zela erabaki genuen, eta elkarrekin hasi ginen hasierako ideiari forma ematen. Lanean hasi ginenean, zenbait galderari erantzun behar izan genion: Nor izango da galderak egiten dituen pertsonaia? Nolakoa izango da? Zer transmititu behar du? Ilustrazioek airea behar zutela erabaki genuen, eta eskala diferenteak, txikitasuna eta handitasuna harremanetan jartzeko. Saiatu izan gara ideia eta burutazio sorta hori liburuaren forman, ilustrazioetan, eta testuak daukan espazioan jasotzen.

Nola deskribatuko zenuke euskal literaturaren egungo egoera?

Euskal literaturaren egoera erabat lotuta dago euskararen egoerarekin eta euskarari ematen zaion edo ematen ez zaion zentralitatearekin, baliabideekin, legeekin, prestigioarekin eta boterearekin, azken batean. Alde horretatik, gure literaturak problema handiak dauzka.

Beste alde batetik, iruditzen zait gure literaturan eta gure kulturan ere hainbat sortzaile ari direla izugarrizko lan aberatsa egiten, eta pasio eta indar handia dagoela; dena dela, uste dut euskal kulturaren langileok konpartitzen dugun zerbait dela gure hizkuntzak sufritzen duen prekarietatea. Ez bakarrik literaturan; hau da, dena dago lotuta. Gure komunikabideek zer tratu ematen diote euskarari eta zer tratu ematen diote gaztelaniari? Gure politikariek nola egiten dute euskaraz?

Botereak sortzen du prestigioa, eta guk sortzen dugu prestigiorik ez daukan hizkuntza batean. Orduan, askotan ari zara sortzen komunitate anorexiko batentzat, jan nahi ez duen komunitate batentzat, eta hori ez da batere atsegina. Zorionez, badago jan nahi duen beste hainbat irakurle, edo guk sortzen dugun hori jan nahi duen beste hainbat entzule. Gaur egun, ikusten dut oso liburu eta sorkuntza orokorrean diferente eta on asko ari direla argitaratzen eta sortzaile asko gara lanean eta borrokan. Talentu handia dagoela uste dut.

Zein izango da zure hurrengoko proiektua?

Orain hainbat gauzatan ari naiz. Batetik, Xabiroi aldizkarirako komiki baten gidoia egiten ari naiz; atalka ari da publikatzen, eta 2023an komiki albuma osorik aterako da. Beste alde batetik, ipuin luze bat idazten ari naiz Consonni argitaletxeak koordinatuko duen nazioarteko literatur proiektu baterako. Halaber, Eñaut Elorrietak aurten grabatuko duen bakarkako hurrengo diskoaren letrak idazten lagun­tzen ari naiz.