Irene Hurtado de Saratxo Mendieta, Itzultzailea: “Liburu hau itzultzea ametsa da”

Irene Hurtado de Saratxo Mendieta itzultzaileak euskaratu du idazle italiarraren Bertute txikiak lana eta Alberdania argitaletxeak kaleratu du.

Zuk proposatu zenien Alberdania argitaletxekoei Bertute txikiak liburua euskarara itzultzearen ideia. Nola okurritu zitzaizun?

Gaztetan deskubritu nuen Natalia Ginzburg idazlea, eta eleberri batzuek egundoko zirrara egin zidaten. Pello Lizarralderen bi itzulpenak atera orduko irentsi nituen. Fernando Reyren itzulpena ere plazer biziz xurgatu nuen. Azkenean, italiera ikasten hasi nintzen Bilboko HEOn, jatorrizko hizkuntzan irakurri ahal izateak eragiten zidan lilurak akuilatuta. Urteak joan urteak etorri eta itzulpen gehiago ateratzen ez zela ikusita eta ni neu itzultzailea naizela eta italiera ere ikasi dudala hausnartuta, ausartu nintzen Le piccole virtù saiakerako narrazio batzuen itzulpena argitaletxe batzuetara bidaltzera. Alberdaniako Jorge Giménezekin kontaktatzeko esan zidaten, eta hark berehala onartu zidan proposamena.

Ginzburg iragan mendeko egilerik dirdiratsuena da literaturazale askorentzat. Zer esan nahi du zuretzat euskarara itzultzen den haren laugarren lanaren itzulpena zuk egin izanak?

Esan bezala, miresten dudan idazle bat da, eta, beraz, liburu hau itzultzea amets bat eta, aldi berean, erronka handi bat izan da niretzat. Nire lehen itzulpen literarioa da, gainera. Bestalde, Natalia Ginzburgek bazuen ahots bat euskaraz, aurretik izan dituen itzultzaileek emana, eta ez dira nolanahiko itzultzaileak, Pello Lizarralde eta Fernando Rey itzultzaile bikainek jarri baitiote ahotsa.

Erbesteaz gain, konfinamendua, errepresioa eta halako gai mamitsuak lantzen dira liburuan. Gaurkotasuna duten gaiak al dira?

Gai larri, funtsezko, premiazko eta betierekoei heltzen die Ginzburgek, eta horrexegatik dira egun-egungoak, nire ustez: gerrak suntsitutako belaunaldiarekiko kezka, gaztaroko inozentziaren galera, arimaren gaitzak, isiltasuna, egoismoa, erantzukizuna, errua, eta, jakina, familia, bere lanbidea –idazketa–, klase soziala, dirua eta haren ondorioak, hizkuntzaren eta hezkuntzaren garrantzia, seme-alaben hazkuntza eta zaintza, amatasuna eta idazketa bateratzeko oztopoa, emakume izateak baldintzatutako bizitza.

Zein proiektu dituzu momentu honetan itzultzaile gisa?

Itzultzaile autonomoa naiz, eta era guztietako testuak itzultzen ditut, sarritan arte-arloarekin dute lotura horietako askok, baina administraziokoak, dibulgaziokoak… denetik egiten dut pixka bat. Literatura-arloan lehen urrats hau eginda, gustura hartuko nuke beste lan literario bat itzultzeko proposamena, baina hori ikusteko dago.

Euskararen kalitatearen eta kantitatearen inguruko eztabaida aspaldidanik dago piztuta gure artean. Zein da zure iritzia?

Lehenik, nire ustez, euskararik onena da mintzo dena; hitz egitea da gakoa, alegia. Zenbait eta gehiago erabili, landu, jorratu… hainbat hobe. Hitz egin, dakiguntxoa, besterik ez bada ere. Bigarrenik, euskara egoera diglosiko latzean sartuta dago aspalditik. Inguruan ditugun bi hizkuntzen egoera guztiz bestelakoa da: milioika hiztun dituzte munduan barrena hala frantsesak nola espainierak. Ezin gara haiekin konparatu, nolabait haien ifrentzua gara.

Euskarari buruz egindako inkesta soziolinguistikoetan euskara inoiz baino ezagunagoa dela nabaritzen da, baina kaleetan orain dela hamarkada batzuk baino gutxiago entzuten omen da. Zer deritzozu honi?

Horrelako inkestek ez dute zertan gezurrik esan behar. Nolabaiteko ezagutza egon arren –lehen baino handiagoa–, erabilera urri-urria da, toki batzuetan bereziki. Administrazioak askoz ere gauza gehiago egin lezake, profilak eta tituluak eskatzera edo gailu teknologikoak garatzera mugatu beharrean. Alderdi eta kargu politiko eta administratibo nagusiek folklorekeria hutsez darabilte euskara. Teorian, haiek izan behar zuten eredu. Euskaraz aritzen diren herri-hedabide txikiek jasotzen duten laguntza hutsa da, eta haiek eta herrietako elkarte txikiak izaten dira, izan ere, benetan eraginkorrenak erabilera indartzeko, baina Administrazioak maiz ezikusia egiten die. Filmak euskaraz bikoiztea eskatzen duen plataforma indartsu dabil aspaldion, euskarazko bikoizketa baztertzeak zenbat kalte egin duen salatzen eta zein lagungarri izan zitekeen ohartarazten, baina horiei ere axola gutxi. ETB2k egunero behartzen ditu euskal hiztunak erdaraz egitera, modu lotsagarrian. Bilbo hirian Udalak antolatutako edo lagundutako ekintza kulturaletan eta ikastaro eta tailerretan euskarak duen presentzia negargarria da, hutsaren hurrengoa. Ez dago Bilboko Udalak, bere programazioan, erdaraz hitz egiten jarriko ez dizun euskal idazlerik. Hori guztia salatzeko modukoa iruditzen zait eta salatzen dut. Eskerrak Bira kultura-elkartea daukagun arnasa pixka bat hartzeko.