Ondareaz euskaraz berbetako hiztegia sortu dute Bizkaiko museoetan

Topiña, igitai-hortza, dolarea, murtzila edo inausketa egunerokotasunetik irteten diren hitzak direnez gero euskaldun askok ez dituzte ezagutzen, eta, are gutxiago, erabiltzen. Ezjakintasun honi konponbidea jartzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarea, berbetan ekimena abiarazi du Euskararen Nazioarteko Egunari lotuta. Horrela, Euskararen Etxeak antolatuta eta BizkaiKOA Bizkaiko foru museoen sarearen laguntzarekin, alfabeto bereizgarriak sortu dira euskara euskarri fisikoetara eramanez. Horrela, abendu osoan zehar, sareko zortzi museotan euskararen presentzia nabarmendu egingo da eta bisitariek hiztegi txiki bat eskuratu ahalko dute.

Ekimenaren aurkezpenean Lorea Bilbao, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak gogorarazi duenez, datorren ostiralean Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da. “Gure museoetan ekitaldi guztiak euskaraz –edo euskaraz ere– eskaintzen ditugun arren, zerbait berezia egitea pentsatu genuen: ondarea bera euskaraz berbetan jartzea“, azaldu du. Horrela, sarri askotan ezagutzen ez diren hitzak, terminoak etab. euskaraz erakutsiko dituzte. “Izan ere, jarduerak eta ekitaldiak euskaraz egin arren hainbat berba egoten dira egunerokotasunetik aldendu egiten direnak ondare hori islatzen dutelako”, azaldu du.

Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen zortzi tokitan egingo da: Euskararen Etxea, Bakioko Txakolingunea, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa, Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Bilboko Arkeologi Museoa, Gernikako Euskal Herria, Kortezubiko Santimamiñe eta Muskizko El Pobaleko Burdinola Museoa. “Museo bakoitzean ondareari lotutako alfabeto bat jarriko dugu ikusgai abendu guztian zehar. Bisitariek beraiekin eraman ahal izango dute”, argitu du Iurdana Acasusok, Azkue Fundazioaren zuzendariak. Izan ere, Lorea Bilbaoren esanetan, “hizkuntza bera ere elikatu egin behar da”.

BESTE EKINTZA BATZUK


Asier Madarieta BizkaiKOAren arduradunak azaleratu duenez, bisitak euskaraz edozein unetan eskaintzen dira, baina badaude museoetan ekintza bereziak euskara edukiekin lotzen dutenak. “Euskara zein aberasgarria den erakusten dute osatutako alfabetoek. Badaude berba eta esaera batzuk erabili ere ez direnak egiten. Batzuk diziplina baten oso propioak dira baina beste batzuk gure egunerokotasunean erabiltzeko modukoak dira”, adierazi du Madarietak gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko ordainak zehazten dituzten hiztegi txikien inguruan. Hartara, kanpoko bisitariek ere euskararen berri izan dezakete.

Ondarea berbetan ekimenari lotuta, bestelako egitarau bat ere egongo da. Arrantzaleen museoan, esaterako, hegaluzearen inguruko bisita egingo dute, alfabetoan jasotako berbei jarraituz, Atunaren bisita. Arkeologi museoan era berean, Bisita gidatua biltegietara egingo dute totemean eta hiztegian bildutako berbekin; goizez, halaber, euskaltegientzako bisita bereziak eskainiko dituzte. Azkenik, Euskararen Etxeak Hostopostoak haur eta familientzako programa ere izango du egitarauan. Ekintzetan parte hartzeko aldez aurretik eman beharko da izena.