Euskadiko Biblioteka Digitala 750.000 objekturen erreferentziarekin abiatzen da

Gaur 750.000 multimedia-objektu ditu, baina bihar zifra hori atzean geldituko da. Izan ere, egunez egun hazten doan edukiera mugagabeko gordailua bezala jaio da Euskadiko Liburutegi Digitala, Euskariana. Eusko Jaurlaritzak bultzatutzako proiektua euskal kultura-ondarearen baliabide digitalizatuak kudeatzen dituzten erakunde publikoen, unibertsitateen eta erakunde pribatuen elkarlanari esker izan da posible.

Izan ere, sarean zehar edozein eratako dokumentuak –eskuizkribuak, partiturak, ikus-entzunezko lanak zein argazkiak– aurkitzeko iparrorratza izatea du helburu. “Interneten euskal ondarearen inguruko edozein gauza bilatzeko tresna izatea nahi dugu”, argitu du Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, gaur urte askotan zehar egindako lanaren emaitza aurkeztean.

Proiektuaren aurrekari dira, batetik, ondare kulturalaren zaintza bermatzeko beharra, eta, bestetik, digitalizazioaren erronkari erantzuteko premia. Baina 2007an onartutako Liburutegi Legearen emaitza ere bada. Zupiriak aitortu duenez, orduan ezarri zitzaion Jaurlaritzari Euskadiko Biblioteka sortzeko eginkizuna. Aurreko agintaldian heldu zioten desafioari, lurraldeetako aldundiek eta hiriburuek dituzten sustraiak kontuan harturik euren artxibo eta liburutegien bikoiztasuna suposatuko ez lukeen gordailu berri bat sortzeko asmoz.

“Gogoeta horretatik erabaki genuen Euskadiko Liburutegi Nazional horrek izan behar zuela gure herrian dauden erakunde horien gainetik egongo zen zerbait, eta, gaur eguneko zerbait izan behar zuela erabaki genuen. Horretarako nahitaezkoa zen teknologia berriei lotutakoa izatea”, adierazi du sailburuak.

LIBURUTEGI KONBENTZIONAL BAT BAINO GEHIAGO


Ekimenak Europako ondare kulturalaren ataria du erreferentzia, Europeana, baina jarritako izenak oinarri historikoa du Euskal Herrian. Izan ere, digitalizazioaren inguruan amesten ez zen garaikoak dira lehen erreferentziak. Antoine d’Abbadie eta Agosti Xahok erabili zuten lehen aldiz euskarienne terminoa 1836an. Gerora, Arturo Campion hizkuntzalariak Euskariana izenburua aukeratu zuen euskal gaiei buruzko idatziak kaleratzeko egunkari eta aldizkarietan 1896tik 1936ra. Askoz berandugo hasitako zeregina izan da artxiboen sareratzea, baina erakunde eta elkarte ezberdinek jorratutako urte askotako lana da, dudarik gabe. “Gainera, eremu digitalean gertatzen den bezala, proiektu hauek ez dira inoiz amaitzen. Egunez egun egiten dira”, azaldu du Zupiriak.

Bere esanetan, Euskadiko Liburutegi Digitala liburutegi konbentzional bat baino askoz gehiago da. Horrela, euskarri ezberdinak jasotzen ditu; hala nola, liburuak, artelanak, argazkiak, prentsa, diskak, partiturak, ikus-entzunezkoak, museoetako obrak… Bereziki Euskadin edozein hizkuntzetan argitaratutako lanak biltzen ditu; baina baita Euskadin zein Euskaditik kanpo euskaraz argitaratutako lanak; euskal autoreek edozein hizkuntzetan eta edonon sortutako lanak; munduko edozein tokitan eta edozein hizkuntzetan argitaratutako lanak euskal gaiei buruzkoak; eta baita ere XX. mendea baino lehenagoko sorkuntzak Euskadiko liburutegi eta erakunde publiko eta pribatuetan gordeta eta zainduta daudenak. Gainera, sailburuak argitu duenez, gordailua ez da bakarrik publiko espezializatuarentzat, edozein herritarrek erabil dezake.

ERAKUNDEEN ARTEKO LANKIDETZA ESTUA


Euskadiko Liburutegi Digitalaren arduradun legez, Sindi Barbeitok plataformaren funtzionamenduaren berri eman du. Azaldu duenez, “Euskarianak baditu erregistroak objektu digitalekin eta objektu digitalik ez dutenak; hau da, baliabide bat deskribatzen duen erregistroak objektu digitala baldin badu, erabiltzaileak ikusi ahal izango du, deskargatu eta inprimitu“.

Horrela, hiru bilaketa ezberdineko erakustaldia eskaini du. Batetik, objektu digitala duen material kartografikoa bilatu du eta 594 emaitza agertu zaizkio. Bestetik, argazkiak bilatu ditu eta 10.000 emaitza baino gehiago zituenez, hondartzak ageri ziren irudietara mugatu egin du bilaketa. Azkenik, 1450 eta 1500 bitarteko eskuizkribuak bilatu ditu. Barbeitoren esanetan, kasu guztietan jatorrizko gordailuaren esteka agertzen da, deskargak hor egiten baitira.

Arduradunak, bestetik, Euskarianaren iturri nagusietako batzuk izendatu ditu. Hala nola, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiak, Bilgunea, Liburuklik, hiru lurraldeetako foru liburutegiak zein hiru hiriburuetako liburutegiak, Azkue Biblioteka eta Artxiboa edota EHUko eta Mondragon Unibertsitateko liburutegiak. Baina baita beste liburutegi batzuk (Sancho El Sabio Fundazioa…), liburutegi nazionalak (British Library…), gordailu akademikoak (Lau Haizetara…) edo objektu digitalak dituzten datu-baseak (Ondarea..). Proiektuan parte hartzen ez duten erakundeen harira, jabetza intelektuala dela eta mundu digitalean tratuak errazak ez direla agertu du Zupiriak. “Datozen urteotan mahai gainean zabalik dagoen eztabaida garrantzitsuenetako bat da”, iritzi du. Hala ere, akordio berriei zabalik daudela azpimarratu du.

Euskarianak eskatu duen lankidetza eszenaratzeko, hainbat erakundeetako ordezkariak egon dira. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria den Begoña de Ibarrak agertu duenez, ordezkatzen duen erakundeak “XVI, XVII eta XVIII. mendeetan inprimatutako lanak, inkunableen bilduma, eskuizkribuak edota kartografia lanak“, besteak beste, eskaintzen dizkio Euskarianari. Bere homologo gipuzkoarra den Mari Jose Telleriak, berriz, Julio Urquijo, Gabriel Celaya, Koldo Mitxelena, Pablo Sastre Forest edota Xabier Leteren bilduma pertsonalak aipatu ditu euren ekarpen modura.