Olatz Candina Villar, Idazle eta margolaria: “Artista bilatzaile bat da”

Olatz Bilbon jaio zen 1964. urtean. Egungo margolari baten ikuspegiarekin, emakumeak mitologiaren musa gisa naturarekin harmonian duen papera berrinterpretatzen du. Idazle jardunari lotutako pintura narratiboa. Musak izaki jainkotiarrak dira, eta inspirazio-iturria artean; emakume bikainak dira, errealitatetik haratago doazenak, iritsi ezinaren munduan barneratzeko. Gaur egun sortzaileak dira, ez bakarrik inspiratzaileak, baita artearen eta bizitzaren protagonistak ere.

Nola sortu zitzaizun artearekiko interesa?

Txikitatik hasi nintzen marrazten eta margotzen. Betidanik sentitu dut arte plastikoetarako eta literaturarako joera. Nire estiloa pintura narratibo gisa defini daiteke: margoa eta idazkera, elkartuta.

Zertan inspiratzen dira zure lanak?

Nire inspirazioa ikuskatzearen genesian bertan oinarri­tzen da: arteetako musak. Emakumea inspirazio-iturri gisa, sortzeko, ikertzeko, aurrera egiteko abiarazteko indar gisa.

Zein dira zure erreferentziazko margolariak?

Mugimendu artistiko berri bat sortu duten guztiak interesatzen zaizkit. Begirada berria eman duten eta ezarritako moldeak hautsi dituztenak: Mary Cassat, Artemisia Lomi Gentileschi, Picasso, Leonardo Da Vinci, Frida Kalho….

Zergatik nabarmentzen duzu emakumeen mundua zure margolanetan?

Emakumeak, musa gisa, inspirazio-indarra irudikatzen du. Nire ikuspuntutik, inspirazioak bihurtzen zaitu artista izatea. Inspirazioaren indar magikorik gabe, teknikariak baino ez gara.

Pandemiaren ondorioz, artea eta kultura kaltetuak izan dira. Nola ikusten duzu egoera epe laburrean?

Pandemiak zaildu egin du erakusketak egitea, baina jendeak bere etxean gustatzen zaionaz gozatzea gehiago baloratzea ere eragin du. Gustatzen zaizun koadro bati begira edo liburu bat irakurtzen zure etxean egotea askoz gehiago baloratzen da orain.

Noiz eta nola piztu zitzaizun literaturarako bokazioa?

Irakurtzen ikasi aurretik, amatxok kontatzen zizkidan ipuinek liluratu egiten ninduten. Ia beti beste pertsonaia batzuk eta beste amaiera batzuk asmatzen nituen. Horrela jaio zen istorioak kontatzeko nire bokazioa: lehenengo, margotzen, eta, irakurtzen ikasi ondoren, idazten.

Nola eragiten du zure idazle-alderdiak pinturan?

Nire pintura narratiboa da, eta literaturaren elementu berberek osatzen dute: emakume protagonista bat, zerbait egiten ari dena, paisaia bat den eszenatoki bat eta ekintza igarotzen den garai bat. Azken finean, kuadro bakoitzak istorio bat kontatzen du.

Zer generok erakartzen zaitu gehien idazterakoan?

Gehien gustatzen zaidan generoa ipuina da. Pinturarekin duen antzekotasunagatik, agian. Koadro batean mezu nagusi bakarra erabil daiteke. Xehetasun asko ematen badituzu, mezua sakabanatu egiten da. Ipuinari gauza bera gertatzen zaio.

Nola deskribatuko zenuke zure idazketa-errutina?

Idazkerak bi alderdi ditu. Alde batetik, inspirazioa dago, buruan modu obsesiboan sortzen zaizun ideia bat. Gero, egiturari eta pertsonaiei buruzko zirriborro bat duzu buruan. Eta bigarren zatia neketsuena da: idazteko lanbidea da. Gauza bat da ideia argi eta garbi buruan edukitzea, eta beste gauza bat, oso desberdina, paperera pasatzea. Istorioak eta pertsonaiak sinesgarriak izan behar dira, benetakoak. Hor sartzen dituzu zure esperientziak eta ezagutu dituzun pertsonak. Gero, idatzi, ezabatu, eta idatzi berriro, istorio on bat osatu arte.

Zure Siete retratos y un jardín liburua zortzi kontakizunen bilduma da: bakoitza koadro ospetsu batean inspiratuta dago. Nola sortu zen ideia hori?

Jenialtasuna dohain jainkotiar gisa baloratzen da. Inork ez daki nondik datorren. Dena dela, niri gehiago interesatzen zitzaidan bere gizatasuna. Nola moldatu ziren eguneroko bizitzan jenio izanez bizirauteko. Beren talentua bakarrik baloratzen da, baina, agian, talentu hori bera beren bizitza bizitzeko oztopo bihurtu zen. Margolari horiek guztiek mugimendu berri bat sortu zuten, lehen koadro batean islatuta geratu zena, liburua ilustratzeko aukeratu nuen lan artistikoa.

Nola bereganatuko du literaturak hizkuntza idatziaren eraldaketa?

Hizkuntza idatzia ahozko hizkuntzaren bilakaera islatzen duen elementu bizia da. Aldaketa sozialak eta asmakizun berriak adierazmoldean sartzen ari dira pixkanaka. Sare sozialak dira horren adibide garbia. Dena dela, denborak erabakiko du zer hitz, sintaxi edo bira geratzen den behin betiko hizkuntza idatzian edo moda iragankor bat baino ez den. Zorionez, literaturak gustu guztiak asetzeko genero ugari hartzen ditu, eta bakoitzak bere aukera pertsonala du.

Baduzu gainditu nahi duzun erronkarik?

Artista, funtsean, bilatzaile bat da. Etengabe galderak egiten ari den pertsona da, eta, beraz, etengabeko bilakaeran dago. Lanean jarraituko dut, lantzen ditudan gaietan sakontzeko.