Amets Arzallus, Xilabaren txapelduna

Amets Arzallus Antia, Xilaba, Ipar Euskal Herriko bertso txapelketaren garailea izan zen berriro larunbatean jokatu zen finalean. Hendaiarrak egindako saio borobilean 1012 puntu lortu zituen, bigarren sailkatu zen Miren Artetxek 975 erdietsi zituelarik. Giro ederreko saioan publikoak poz pozik hartu zuen epaileen erabakia jakin zelarik Arzallus eta Artetxe igaroko zirela buruz burukora. Andoni Iturriotz senpertarrak txapela jantzi zion Arzallusi: “gustura eman diot laguna dudalako, bertsolari sakona izateaz gain poeta ere bada”. Bertsularien Lagunak elkarteak Iturriotz eskertu nahi izan du, Larraldea, Senperen daukan baserriaren ateak zabalik daudelako beti bertsozaleentzat eta elkartearen egoitza bertan dagoelako.

Odei Barrosok 605 puntu lortu zituen, Maddalen Arzallusek 586,5, Patxi Iriartek 562,5 eta Maddi Ane Txoperenak 561,5. 2017an finalistak izan ziren Amets eta Sustrai Colinaz gain, Miren, Odei eta Maddalenek parte hartu ahal izango dute datorren udazkenean ospatuko den Euskal Herriko Txapeleketa Nagusian.

Xilaban lehian zeuden 24 bertsolarietatik seik lortu zuten finalerako txartela, hiru gizon eta hiru emakume; hauen artean Amets eta Maddalen Arzallus, ama galdu berri duten anaia-arrebak. Behin baino gehiagotan gorazarre egin zioten ama zendu berriari.

Finala izan arren, umoreak ere tarterik izan zuen taulen gainean lehen aldiz zegoen Patxi Iriartek bota zuelarik “ez naiz Sustrai, lasai ez da gizendu!”. Aktualitateko gaiak izan ziren saioaren ardatz nagusia eta horrek sorkuntzarako aukerak eskaini zien koplakariei. Afganistango bi emazte gazte Kabulen manifestaldia prestatzen ari direla, auzokideen arteko elkarbizitza, Abiada Handiko Trenaren proiektua eta etxebizitzaren inguruko espekulazioa zeuden gaien artean.


“Helburu baino, tresna ikusten dugu txapelketa egiazko arnasgunea baita Ipar Euskal Herrian. Xilabak oihartzun zabala izaten du prentsan eta karrikan” goraipatu du Odei Barrosok. “Gure jarduera saretzeko eta hauspotzeko balio du, eta, ondorioz, badu garrantzi berezia”.

Xilaba lehen aldiz ospatu zuten 2008an eta geroztik euskal kulturaren hitzordu garrantzitsua bilakatu da. Mattin eta Xalbadorren ondotik hutsune handia egon zen bertsolaritzan. Manuel Sein Xanpun, Ernest Alkhat eta Txomin Ezpondak lekukoa hartu zuten bainan gazterik ez zegoen bertso eskoletako lehen izartxoak agertu ziren arte: Sustrai Colina eta Amets Arzallus. “Uste dut Xilaba proeiktu kolektiboaren pieza bat dela eta osotasunetik begiratu behar zaiola”, dio hendaiarrak. Bere hitzetan osagai asko dauka: transmisioa, arnasgunea eta ikusgarritasuna. “Bertso eskoletako gazteei norabide bat erakusten eta motibazioa ematen die. Belaunaldien arteko katea da. Guk jaso genuen eta orain besteei eman behar diegu”. Bertsularien Lagunak elkartearen helburuak bete dira urtero gazte eta emakume gehiagok bat egiten baitute. Gai emaile, epaile eta publikoak ohiturak finkatu ahal izan dituzte ere gero eta hitz ordu gehiago antolatzen baita urtean zehar.