Zinebik pisu handiko edizioa ireki du

Bilboko Zinebi Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bere 63. edizioa inauguratuko du gaur, ostirala, Bilboko Udalak antolatutako Sail Ofizialean lehiatuko diren zazpi euskal film laburren proiekzioarekin. Zazpi izenburuak – Bi dokumental, hiru fikzio eta bi animazio – Arriaga Antzokian erakutsiko dira inaugurazio ekitaldiaren amaieran, eta Margarethe von Trotta zinemagile alemaniarrak edizio honetako Ohorezko Mikeldia jasoko du. Film laburrez gain, azaroaren 12tik 19ra bitartean egingo den jaialdiak beste 45 euskal ekoizpen proiektatuko ditu. Sail Ofizialean 55 filmek hartzen dute parte: 18 fikzio, 18 dokumental eta 19 animazio.

Euskal film laburrak atzo, osteguna, aurkeztu ziren prentsaurreko batean. Bertan izan ziren Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia, Vanesa Fernández, Zinebiko zuzendaria eta euskal ekoizpenen zuzendariak. Zehazki, honako hauek dira euskal film laburrak: Mel Arranzen Azaletik Azalera (animazioa); Aitor Gametxoren Berak baleki (fikzioa); Maider Oleagaren Kinka (fikzioa), Txuspo Poyoren Love Needs Time to Kill (dokumentala); Aitor Oñederraren Ur azpian lore (animazioa), David Pérez Sañudoren Vatios (fikzioa) eta Raquel Elena Larralderen Yungay dokumental 7020.

Euskal film labur guztiak erabateko estreinaldiak dira Zinebin, eta Bilboko Zinemaldiko Sari Nagusirako, Espainiako Zinemaren Sari Nagusirako, Mikeldi sarietarako (fikzioa, animazioa eta dokumentala), Publikoaren Sarirako (EITB) eta Euskadiko Gidoi Onenaren Sarirako (SGAE-Consejo de Euskadi) hautagaiak dira.

KONFINAMENDUA

Gaur, ostirala, proiektatuko diren film laburretako batzuek pandemiaren gaia jorratzen dute. Maider Oleagaren Kinka, Itxitik proiektutik abiatzen dena, covid-ak behartutako konfinamenduaren gaia jorratzeko Zineuskadik 2020an abiarazitako deialdiaren ondorioz filmatutako film labur sorta. Elena Irureta eta María Isabel Díaz dira film laburraren protagonistak. David Pérez Sañudoren Vatios ere covid garaian garatzen da.

Bestalde, Txuspo Poyo artista plastikoa Zinebira itzuliko da Love Needs Time to Kill dokumentalarekin. Gaur egungo hezkuntzan desagertu diren baina iraganean paper garrantzitsua izan zuten objektu batzuei buruzko dokumentala da: animalia disekatuekin egindako laborategi pedagogikoak eta belar-dendak. Galapan Productions eta Sumendi Filmak konpainiek ekoitzitako Berak baleki ere proiektatuko da, Gametxoren fikziozko film labur berria, Iñigo Aranburu protagonista duena.