Isaac Palencia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako Zuzendari Nagusia: “Gazteak dira kaltetuenak”

Isaac Palencia Caballero Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako Zuzendari Nagusia da.

Irailaren hasieran, nazioarteko ikasle berriei ongietorri-ekitaldia egin zitzaien Deustuko Unibertsitatean, eta bertan parte hartu zenuen. Nola ikusten duzu ikasturte berri hau?

Une garrantzitsua izan zen; pandemiaren ondorioz urte eta erdi oso gogorra izan da, eta, nahiz eta oraindik osasun-neurri guztiak hartu behar diren, badirudi normaltasuna berreskuratzen hasi garela. Normaltasun horrek berekin dakar unibertsitatean presentzialki egotea, esperientzia berriak bizitzeko eta bizitza-proiektu pertsonal bat zehazten hasteko.

Gazteen ikasketei buruz, zein prestakuntza ikastaro duzue martxan?

2021eko martxoan, Gazteria Zuzendaritzatik TREBA Gazteak programa jarri genuen abian, Gipuzkoako gazte bakoitzaren balizko prestakuntza-hutsuneak betetzeko. Proiektu horren barruan, gazteentzako interesgarriak diren hainbat gairi buruzko ikastaro laburrak antolatu ditugu, emantzipazio, garapen eta hazkunde pertsonal eta kolektiboko prozesuak sortzeko eta finkatzeko.

Gazte enplegua berreskuratzen ari al da izandako krisialdiaren ostean?

Krisi ekonomiko guztietan gazteak dira kaltetuenak. Gazteak dira lan-prekaritate handieneko kolektiboetako bat, behin-behinekotasun handiagoa, soldata txikiagoak, partzialtasun handiagoa, etendura handiagoa eta gehiegizko kualifikazioa izateko arrisku handiagoa dutelako. Bereziki kezkagarria da Euskadin dugun emantzipazio-adina, eta beharrezkoa da erakunde guztiek hori murrizteko neurri guztiak martxan jartzea.

Gazteak gero eta beranduago emantzipatzen dira. Zein neurri hartuko dira hori saihesteko?

Gazteria Zuzendaritzak ez du eskumenik enplegu edo etxebizitza-politika aktiboak gauzatzeko, eta horiek funtsezko gaiak dira gazteen emantzipazioari dagokionez. Gure esparrutik ekarpenak egiten saiatu gara, Gipuzkoako gazteen potentziala erabat garatzea eragozten duten oztopo sozialak desagerraraziz. Beste eragile batzuekin batera, enplegu-azokak edo mugikortasun-azokak antolatzen ere lagundu dugu, gazteei lan-aukerak helarazteko.

Udan zein programa egon dira martxan?

Udako programazioa beste bi aldundiekin batera antolatzen ditugun Udalekuak eta Gazte Oporraldiak programetara bideratuta dago. Programa horiek 2.300 haur baino gehiago mugitzen dituzte. Urrian eta azaroan, Gipuzkoan Gazte Tour programa berreskuratu dugu, hainbat udalerritako kultur programazioekin.

Neurriren bat hartu izan al da gazteen arteko turismoa sustatzeko uda honetan?

Uda honetan, 14 eta 17 urte bitarteko nerabeentzako Gazte Oporraldiak programa berreskuratu dugu. Programa honek aisialdi-abenturako jarduerak eta gai desberdinei buruzko egonaldiak barne hartzen ditu, eta gazteei aisialdiaz modu aberasgarrian gozatzen laguntzea du helburu.

Zure ustez, zer kalte eragin die COVID-19ak Gipuzkoako gazteei?

Pandemiak denei modu batera edo bestera eragin dien arren, gazteei bereziki gogor eragin die. Ondorio ekonomikoak okerragoak izateaz gain, askori nerabezarotik gaztarora igarotzeko une delikatu batean egokitu zaie.

Zein iritzi duzu gazteek sare sozialekin edo teknologiarekin duten harremanari buruz?

Kontuan izan behar dugu sare sozialek harremanak izateko beste modu bat ekarri digutela. Gauza gehienek bezala, alde onak eta txarrak ditu, eta gure lana arriskuak eta gehiegikeriak kudeatzea da.

Aspaldian izan diren eraso homofoboen harira, Aniztasunetik Eraikiz egitasmoak zenbait testigantza eramango ditu ikasgeletara. Estereotipoak gainditu eta gorroto-mezuen aurkako jarrera sustatzeko eraginkorrak al dira horrelako egitasmoak?

Oso garrantzitsua da ikasgeletan prebentzioa lantzea, eta, horretarako, edozein proiektu oso baliagarria izango da. Gazteria Zuzendaritzatik gorrotoaren, LGTBIfobiaren, emakumeen aurkako indarkeriaren eta abarren diskurtsoen prebentzioa lantzen saiatzen gara, Haurtxokoen eta Gaztelekuen bidez udalekin lankidetzan, bai eta TREBA Gazteak programarekin ere, gai horien guztien inguruko prestakuntza eta hitzaldiak eskaintzen.

Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen Sailan “Gazteak Klimaren Alde” hausnarketarako eta ekintzarako foroa egin zen. Inplikatuta al daude gaur egungo gazteak klima-aldaketaren gaian?

Inplikatuta egoteaz gain, eragile nagusiak dira eta izan behar dute, aldaketak gertatzeko. Klima-aldaketa da ondorengo urteetan aurrean izango dugun erronka nagusia, eta Ingurumen Sailak gazteei hitza emanez izan duen arrakastari balioa eman behar zaio.

Zer hobetu beharko litzateke gazteen artean hainbat gautan ikusi ditugun kale-edana eta erasoak saihesteko?

Gazteen eta ez hain gazteen aisialdia alkoholaren inguruan antolatuta dago gaur egun, eta administrazioek gazteei alternatiba bat eskaintzeko erronka dugu.