Jon Bagüés Erriondok (Errenteria, 1955) Manuel Lekuona Saria jaso du 2021ean. Musikologo gipuzkoarrak Filosofia eta Letrak ikasi zituen Donostian eta Musikaren Historian espezializatu zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. 1990ean doktoratu zen La música en la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País tesiarekin. Donostiako, Bartzelonako eta Madrilgo kontserbatorioetan osatu zuen bere heziketa. Liburutegi Nazionalean Artxibistika eta Dokumentazioan espezializatu zen.
1979an Eusko Ikaskuntzako Musika Sailaren eraketan parte hartu zuen, 1990 eta 1996 artean buru izan zena, bere Saileko Koadernoen hainbat zenbaki koordinatuz. Hogei urtez (2000-2020) Eresbil, Musikaren Euskal Artxiboa, zuzendu zuen.
Jon Bagüések konpositoreen obrak berreskuratzea ahalbidetu du eta horien zabalkundea erraztu du. Era berean, lanean ari diren konpositoreei lagundu die eta musika ikasteko eta interpretatzeko erakundeen sorrera sustatu du (Peñaflorida Kapera, adibidez, 1985etik antzinako musika ikertu eta zabaltzen du).
Eresbil-Musikaren Euskal Artxiboan eta Errenteriako Musikaste Euskal Musikaren Astearen antolaketan lan bikaina egin du. Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko musika-erakundeetako (SEdEM, AEDOM, IAML…) kide izatea eta aholkularitza teknikoa ematea, proiektuak bultzatzea edo euskal musika komunikabideen bidez etengabe zabaltzea ahaztu gabe. Azkenik, herrialde osoko musika- eta kultura-erakundeekin duen konpromiso aktiboa azpimarratzen da.