Bizkaiko Bertsolari Txapelketa urriaren 3tik abenduaren 18ra bitartean ospatuko da

Pandemiaren eraginez urtebete atzeratu behar izan den Bizkaiko Bertsolari Txapelketa urriaren 3an abiatu eta abenduaren 18an bukatuko da. Lurraldeko herri ezberdinetan ospatuko diren sei kanporaketa eta hiru finalaurreko izango dira. Finala, berriz, Bilbon ospatuko da.

Guztira, oholtza gainera igotzeko gogotsu dauden 44 bertsolarik parte hartuko dute: horietako 36 kanporaketetan arituko dira eta aurreko txapelketan finalista suertatu ziren beste 8 –horien artean Onintza Enbeita, 2018ko txapelduna– finalaurrekoetara sartuko dira zuzenean. Antolatzaileek adierazi dutenez, kanporaketetarako sarrerak salgai daude dagoeneko, eta, baimendutako aforoak handituko balira, ez litzateke arazorik egongo abenduko finalean islatzeko.

SAIOEN EGUTEGIA

Kanporaketak urriaren 3an hasiko dira Durangon. Ondoren Igorre (urriak 9), Ortuella (urriak 16), Mungia (urriak 23), Elorrio (urriak 30) eta Getxo (azaroak 7) izango ditu plaza. “36 bertsolari izango ditugu fase honetan parte hartzen. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara eta gainontzekoak puntuazioz”, azaldu du Ione Narbaizak, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak, gaur ospatutako prentsaurrekoan.

Finalaurrekoak, berriz, Etxebarrian (azaroak 21), Galdakaon (azaroak 27) eta Larrabetzun (abenduak 4) ospatuko dira. “Hiru finalaurreko hauetan aurreko txapelketan finalista izan ziren zortzi bertsolariak izango dira kanporaketetan sailkatzen diren bertsolarien zain. Zuzenean sailkatu direlako”, gaineratu du Narbaizak. Hortaz, saio horietan Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Aitor Bizkarra, Etxahun Lekue, Xabat Galletebeitia, Eneko Abasolo, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal bertsotan entzuteko aukera egongo da.

Aurreko bertso saioetan sei bertsolari arituko baldin badira, abenduaren 18an Bilboko Bilbao Arenan ospatuko den finalean zortzi bertsolari izango dira. “Finalaurrekoetako hiru irabazleak eta puntuazioaren arabera sailkatuko diren bostak parte hartuko dute”, argitu du Narbaizak. Finala egungo arautegiaren arabera antolatuko dute, %75eko aforoarekin, baina, azaldu dutenez, ahalik eta final ohikoena egiteko itxaropena dute. “Pandemiak zerbait erakutsi baldin badigu da oso aldakorra dela eta hiru hilabetetan gauzak asko aldatu daitezkeela. Egokitu egingo gara, aforoa murriztu egin behar badugu ere”, argitu du elkarteko koordinatzaileak.

ETENIK EZ

“Gure helburua ez da 2018ko kopuruetara iristea, gure helburua bertsozaleak berriro plazetara erakartzea da, kulturaz eta bertsolaritzaz goza dezaten ahalik eta modurik normalenean”, gaineratu du zentzu horretan Narbaizaik aurten zabaldu nahi izan duten mezuarekin bat eginez: “Bizkaiko bertsogintzari, hesiak kendu eta bidea zabalduz, arnasa barria emotea da egin gura izan dogun ekarpena”. Hala mintzatu da Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatua ere. Bere esanetan, “bertsolaritzak ez du etenik izan behar, kalean eta plazetan egon behar da“.