Itziar Alkorta, EHUko Uda Ikastaroen zuzendaria: “Ikasleen profila aberastu da”

Itziar Alkorta EHUko Uda Ikastaroen zuzendaria da. EHUko Zuzenbide Zibileko irakasle titularra ere bada. Biomedikuntzan pertsonek dituzten eskubideak dira haren ikerketa-esparrua.

Aurten, EHUko udako ikastaroen 40. urteurrena beteko da. Nola sentitzen zara zuzendari akademiko gisa erronka horri heltzean, lanpostu horretan bi urte eman ondoren?

Azken bi urteak ez dira nolanahikoak izan. Osasun krisia dela-eta egokitzapen ahalegin handia egin behar izan da Uda Ikastaroak eskaintzeko, baina uste dut merezi izan duela egindako ahalegin handi horrek. Ez kutsatzeko neurriek funtzionatu dute, ez dugu intzidentziarik izan, eta, bestalde, ikastaroak etxetik jarraitzeko aukera egon da. Ikasleen heren batek kanpotik egin ditu ikastaroak. Edonola ere, aurten, Uda Ikastaroen betiko giroa berreskuratu dugula esan daiteke. Ikasleekin eta adituekin kontaktu zuzena izan dugu; gertuko hartu-eman hori oso garrantzitsua da guretzat.

Edizio honen helburua 13.000 parte-hartzaile lortzea da. Zein da izena ematen duten ikasleen profilik ohikoena?

Kopuru hori da Uda Ikastaroek inoiz izan duten altuena. Aurten, kopuru horretara heltzen bagara, benetako lorpena izango da. Ikusiko dugu. Hala ere, oraingoz matrikulak ongi doaz, izan ere, aforo mugapenak erraz gainditu ahal izan ditugu online eskaintzari esker.

Nola ikusten duzu gaur egungo unibertsitate-ikasleen belaunaldia?

Belaunaldi berezia izango da. Denok ditugu oso beharrezkoak giza harremanak, baina gazteek beren garapenerako ezinbestekoa dute hartu-emana. Teknologiak asko lagundu du harreman horiek beste modu batean bideratzen, baina, aldi berean, morrontzak ere inposatu dizkie…. Nik uste kolpetik heldutasun maila handia lortu duen belaunaldia izango dela, lehen jakintzat ematen genituen bizitzaren alderdi asko beste begi batzuekin ikusteko eta baloratzeko gai izango direlako.

Aurten, COVID-19aren pandemia hartuko da erreferentziatzat, berrikastea planteatzeko, Berrikas dezagun leloarekin. Zertan datza?

Lehen esan dudanaren haritik, ikaskuntza sakona horrelako krisi edo egoera gogorretan egiten da. COVIDak agerian utzi du gure gizarte-egiturak ez direla uste genuen bezain iraunkorrak, gauza asko birpentsatu beharra dagoela, erabaki asko hartu behar ditugula etorkizun hurbilean aurrera egin ahal izateko. Uda Ikastaroen zeregina beti izan da munduan gertatzen denari adi egotea eta ideia berrien eztabaidan parte hartzea. Horretarako gaude. Krisi honetatik ikasita eta sendotuta ateratzeari egiten dio aipamena gure aurtengo leloak.

Iaz, EHUk bere ikastaroei eutsi zien pandemiak sortutako egoerara egokituz, ikastaroak nazioartera zabaldu ziren, Latinoamerikako eta Asiako inskripzioekin. Zein da iazko balantzea?

Ezusteko atsegina izan zen. Ikastaro guztiak jarri genituen online, eta halako batean konturatu ginen kanpotik jende asko matrikulatzen zitzaigula, Hego Amerikakoak gehienak, baina ez bakarrik, baita Europako beste herrialde batzuetakoak eta Asiakoak ere. Esate baterako, ordutegi aldaketa dela-eta kanpotik konektatzeak duen zailtasuna gainditu dugu zenbait saio ordutegi egokituetan eta beste zenbait modu asinkronoan eskainiz. Parte hartzeko sistema berriak jarri ditugu martxan, plataformak eskaintzen dituen tresna birtualen bitartez… Pozik gaude, bestalde, ikasleen profila asko aberastu delako. Eta beste ikasleengandik ere asko ikasi ahal da; haien galderak eta iritziak oso aberasgarriak dira.

23 ikastaro online egin dira oso-osorik. Formulak iraungo duela uste al duzu?

Ikastaro eta kongresu batzuk online soilik eskaini ditugu, nazioarteko partaidetza handia dutenak bereziki. Online modalitatean asko hobetu dugu aurten, eta ikasleen balorazioa positiboa izaten ari da. Hala ere, proba gehiago egin behar dugu, ongi ulertuz zein jarduera eskain daitekeen online edukirik galdu gabe, eta zer ezin daitekeen online eskaini.

Aurten parte hartuko dutenen artean zein hizlari nabarmenduko zenuke?

Nazioarteko hizlari asko izan dugu, Molac diputatua esate baterako, hizkuntzaren legea egin duena; Sami Nair, emigrazioan aditua; Katy Arevalo eta Carlos Duarte, klima aldaketaren alorrean saritutako zientzialariak. Baita agintariak ere: Claudine Fuso, Europar Batzordekoa; Stanislas Adam, Europako Justizia Auzitegikoa… Adituetan aipa daitezke, erakusgarri gisara, Daniel Innenarity, Jorge Urdanoz, Pablo Simon, Karmele Llano, Javier Zaragoza, Elvira Tejada, eta beste hainbeste… Euskal kulturari dagokionez, Teresa del Valle eta Karmele Jaioren obrak aztertu ditugu. Oraindik ere 60 saio geratzen zaizkigunez, irailaren amaierara arte beste aditu interesgarri askoren zain gaude.

Udako ikastaroen ezaugarri esanguratsuenetako bat gaurkotasunarekin bat etortzea da. Zein ikastaro proposatuko zenuke datorren urterako?

Nik uste, datorren urtean jasoko ditugun proposamenen artean asko iraunkortasunari buruzkoak izango direla. Mundu mailako urgentzia da, eta gaiari heldu behar diogu, hiritarrek eta adituek, ez du agintarien ardura bakarrik izan behar.