Logroño, ardoen lurra eta tradizioa

Logroño Errioxako Autonomia Erkidegoko hiriburua da, eta Espainiako iparraldean dago. Ebro ibaiak bustia, Logroño pasabide eta bide-gurutzagune izan da historikoki, eta bertatik igarotzen da Donejakue Bidea. Hiriaren tamainari erreparatuta, paseatzeko aukera izango dugu, bai eta bertako gune esanguratsuez lasai gozatzeko aukera ere. Espolon pasealekuan kokatua, hiriburuko irudi ezagun eta esanguratsuenetako bat dago, Espartero Jeneralaren zaldizko monumentua. Hiriko alde zaharrean, hiriko kale mitikoetako bat dago, Portales kalea; bertan dago Redondako Santa Maria kokatedrala. XII. mendeko jatorrizko tenplu baten gainean eraikia da; barruan, koruko harlandua, XVII. mendeko erretaula nagusia eta Gurutziltzatzearen koadroa nabarmen­tzen dira.

San Bartolome eliza, XII. mendekoa. Bere ojiba-atari bikainak eskultura erromaniko batzuk ditu, santuaren bizitza eta Bibliako beste pasarte batzuk kontatzen dituztenak. Bertako ondare erlijiosoaren artean, Santiago El Real eliza ere nabarmendu behar da, 1981etik Interes Kulturaleko Ondasuntzat hartua.

Logroñok ardoaren eta bere kulturaren inguruko jardunaldi batez gozatzeko aukera ematen dio bisitariari. Besteak beste, mahastietan zehar ibilaldi bat egitea, ardoa egiteko prozesua bertatik bertara ikusteko aukera ematen duten upeltegiak bisitatzea eta dastatze batekin bisitariaren ezagutzak praktikan jartzea.

Gastronomia

Logroñoko kalerik ospetsuenetako bat Laurel kalea da, gastronomiari dagokionez. Bertan, dozenaka taberna eta jatetxe daude, pintxoak, etxeko espezialitateak edo egile-sukaldaritzarik bikainena dastatu ahal izateko. Taberna bakoitzak espezialitate gastronomiko bat du, Errioxako ardo batekin.

Pintxorik klasikoenen artean honako hauek daude: Jubera tabernako patata minak edo Cideko perretxikoak, eta modernoagoak diren beste batzuk, Blanco y Negroko “ezkontzak” edo bokatatxoak, valentziarrak Villarricaren bihotzean edo “Tío Agus” pintxoak, besteak beste.

Logroñoko plater tipikoenen artean honako hauek daude: patatak errioxar erara, frijituak errioxar erara, kaparroi indabak edo txuletak xirmendutan erreak; hori guztia, Errioxako jatorrizko izena duen ardo on batekin batera. Bestalde, Sotoko mazapana, Fardelejo direlakoak eta Urkatutxoak dira Errioxako hiriburuan dastatu beharreko gozokiak.