Ondarearen VI. Europako Jardunaldiek 26 jarduera eskaintzen dituzte doan

Tokiko ondarea sustatzeko eta herritarrak lurraldeari dagokion kultura-aberastasun eta -aniztasunari buruz sentsibilizatzeko, 2021eko Ondarearen Europako Jardunaldiak egingo dira urriaren 2tik 31ra. Edizio honetan 26 jarduera egingo dira – 2020an baino bederatzi gehiago –, lurraldeko 10 udalerritan egingo diren bisita gidatuen, hitzaldien, tailerren eta zinema-emanaldien artean.

Jarduera guztiak doakoak dira, baina ia guztientzat aldez aurretik izena eman behar da www.europako-ondarea.eus webgunean, edukiera mugatua baita.

Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak astelehen honetan aurkeztu duen programazioaren helburua “kultur ondarea babestu eta ondasun material eta immaterial gisa gordetzea” da. Diputatuak herritarrei bertaratzeko deia egin zien, eta iraganeko aztarnak babesteko “Arabako kultur eta gizarte eragile guztien” inplikazioa behar dela azpimarratu zuen.

Egitura irisgarriak

Programak arreta jartzen du eraikitako ondarea irisgarria eta inklusiboa izan dadin; horregatik, parte-hartzaileak gonbidatzen ditu normalean publikoari irekita ez dauden espazioetara. Urrian, bisita gidatuak egingo dira Arabako museoetan ikusmen, mugikortasun edo adimen urritasuna duten pertsonentzat.

Jarduera aipagarrienak hauek dira: gorrei zuzendutako musika-tailerra Jesus Guridi kontserbatorioan, urriaren 2an; LGTBI zinemaren bi emanaldiak Agurainen eta Bibat Museoan, 15ean eta 16an. Hilaren 19an, Ijito-komunitatearen historia Euskadin hitzaldia emango da, eta 26an, Arabako damak. Bere kontakizuna genero-ikuspegiaren bidez berreraikiz, biak Bibat museoan.