Musika sustatzaileek aurreko edukiera berreskuratu eskean

Sektoreko elkarte nagusia den APMren XXI. Batzar Nagusian bildutako musika sustatzaileek atzo berriro gogora ekarri zuten, covid-19aren pandemiaren ondorioz sektoreak bizi duen egoera zaila, eta kontzertuen edukiera berrikustea eskatu dute beste behin. Hain zuzen ere, edukiera osoa berreskuratzea eskatu dute, “aurtengo udazken-neguari begira, txertatutako biztanleen ehunekoa oso handia izango baita”, eta mahai gainera ekarri dute kontzertuetarako sarrerak saltzeagatiko fakturazioa %64 inguru jaitsi zela 2020an.

Horixe da erakunde publikoei eskatutako neurrietako bat, baita aretoak ireki eta musika eta kultur ekitaldietan osasun-protokoloak zehaztea ere. Euren kalkuluen arabera 2022ra arte etorriko ez den “normaltasuna berreskuratu bitartean”, egiturazko sostengurako ezohiko laguntza ekonomiko zuzenak sortzea ere aldarrikatu dute. Esate baterako, gaur egun, Euskadin, 3.000 lagunetik gorako edukiera duten esparru itxietako edukiera %40ra mugatuta dago, eta esparru irekietakoa, berriz, %60ra.

“Zuzeneko musikaren egungo programazioak ez diezaiola inori pentsarazi jarduera maila nahikoan eta jasangarrian gaudenik, enpresak ixteko eta talentuak ihes egiteko arrisku handia baitago oraindik”, azaldu du Kin Martínez promotore eta Es_Música federazio nazionaleko presidenteak. Irailaren 15ean eta 16an Iruñean Musika Sustatzaileen Elkarteak (APM) ateak itxita egin duen batzarrean aurkeztutako txosten esanguratsuenetako bat izan da berea. Inoiz baino parte-hartzaile gehiago izan ditu batzarrak, guztira, 150etik gora enpresari, estatuko kontzertu eta jaialdi nagusien arduradun eta promotore, aretoetako ordezkari, eta zuzeneko musikaren industriako gainerako esparruetako arduradun ere bildu direlarik.

Prentsa oharrean azaldu dutenez, sakon aztertu duten beste gai nagusia sarreren iruzurrezko birsalmenta izan da; izan ere, egungo legediak ez baitu espresuki Internet bidezko salmenta hori debekatzea aurreikusten. Arlo horretan, lau ticketing enpresa handiekin batera, jarduera horren aurkako kontzientziazio kanpaina bat egingo dutela iragarri du APMk, “sarrerak soilik bide ofizial eta seguruetan erostea sustatzeko helburuarekin”.