Erdi Aroan zehar Gipuzkoa Baskoniaren parte izan zen eta gerora Nafarroako erresumarena. Izan ere, Gartzia Azenaritzek egindako 1025eko dokumentuan aipatzen da lehen aldiz Ipuscua izena eta lurraldea nafar erresumaren baitan azaltzen da. 1200. urtean Gaztelako Alfonso VIII.ak gaur egun Araba eta Gipuzkoa deitzen ditugu lurraldeak konkistatu zituen Nafarroa eta Gipuzkoaren artean muga berri eta artifizial bat eratuz. Zonaldea bidelapurren habia bilakatu zen azkar, erraza baitzen muga berriaren alde batera lapurtzen ziren abereak bestean saltzea. Ez dugu liskar hauei buruzko albisterik 1200. urtea baino lehen. Indar gehiago edo gutxiagorekin, 1200 eta 1522 bitarte hedatu ziren abere lapurreta hauen testuinguruan kokatzen da Beotibarko guda. 1522ko Nafarroako erresumako konkistak biolentzia aldi honetako zikloa itxi zuen, ordurako ez baitzen Oñazko ahaide nagusientzako eta Gaztelako erregeentzako interesekoa.
Nafarroako artxiboan gordetako dokumentazioan jasotzen den bezala, eta hainbat egilek argitaratu eta komentatu dutenez, 1290 eta 1321 artean gutxienez 67 ganadu lapurreta gertatu ziren Aralar inguruan. Merioa gaizkileak jazartzeaz arduratzen zen eta urte horietan Johan Lopez Urrozkoa nabarmendu zen lan hauetan. Batez beste berrogeita hamar gizoneko indar armatu batek lagunduta, bidelapur ugari harrapatu eta exekutatu zituen Urrozkoak eta abere asko berreskuratu zituen, nagusiki lapurtutako behiak eta zerriak.
Jarduera kriminal honek gazteleraz transmititutako tradizioan oihartzunik izan zuen, frontera de malhechores esamoldea sortuz. 67 abere lapurreta hiru hamarkadetan ez da gutxi baina Nafarroako erresumako gainerako mugekin alderatuta aztertu behar da. 1200eko konkistaren ondoren, lau merindade sortu ziren Nafarroan lurraldearen defentsa-sistema gisa. Teobaldo II.aren garaian Iruñeko, Zangozako, Lizarrako eta Tuterako merindadeak osatu ziren. Azken bi merindade hauetan erabilitako gizon armatuen kopurua, eraikitako gazteluak eta dorretxeak zein sortutako harresidun hiriak, eta, oro har, ordena publikoa mantentzeko bideratutako aurrekontua Aralar inguruan baino izugarri handiagoa zen. Ipar-mendebaldeko eta ipar-ekialdeko mugak ziren, hain zuzen ere, jarduera militar eta kriminal gutxien zutenak Nafarroan. Guzti honetatik ondorioztatzen da inguru honi “gaizkileen muga” deitzea ez dela ez zehatza ez zuzena. Aitzitik, Aralar inguruan topagune sozioekonomiko eta kulturala izan da eta izaten jarraitzen du, 700 urte geroago hizkuntza bera oraindik ere hitz egiten den eremua, tradizio berdinak partekatuz eta bizimodu bera praktikatuz.
Gazteleraz idatzitako tradizio historiografikoak azpimarratu du Aralar inguruan gertatutako liskar hauek “nafarren” eta “gipuzkoarren” artekoak izan zirela. Hau egia izatetik urrun dago. 1200. urteko konkistaren ondorengo hamarkadetan “gipuzkoar” terminoak izan zezakeen esanahia edozein dela ere, iturri historikoek 28 bidelapur aipatzen dituzte 1290 eta 1320 artean: 8 nafar (% 28,6), 8 gipuzkoar (% 28,6) eta beste 12 jatorri ezezagunekoak (% 42,8). Argi dago bidelapur talde hauek ez zirela “gipuzkoarrak”, Aralarko inguruetako herrietakoak baizik. Hori logikoa da kontuan hartzen badugu ganadu lapurrek ganaduaren kokapen zehatza eta bertara sartzeko bideak ezagutzen zituzten informatzaile eta gidari nafarrak behar zituztela.
Beotibarkoa eremuan ordena eta segurtasuna mantentzeko erresumako bi meriok antolatutako 500 bat gizonez osatutako indar batek Gil Lopez de Oñazen bidelapurreko talde batekin izandako talka da. Ezer gehiago.
Baina gure historiako beste hainbeste gertaera historiko bezala, Beotibarko guda interes ezberdinen arabera interpretatu da. Fernán Sánchez de Valladolid izan zen gure historiako kapitulu hau idatzi zuen lehen pertsona Crónica de Alfonso XI delakoan. Sánchezen aburuz, 1319an Gaztelako erresumako erregeordeen heriotzaren albistea Nafarroako gortera heltzean, Frantziako erresumarekin aliaturik, Gaztela konkistatzeko asmoz ejertzito bat osatu zuten, Valladolid hartzeko eta Alfonso XI. bahitzeko eta “Frantziako erregeari eramateko” nahiarekin. Kronistaren arabera, 60.000 nafarrek topa egin zuten 800 gipuzkoarren kontra Beotibarren… Hau guztia arras tokiz kanpo dago. Inongo nafarrari ez zaio inoiz Valladolid konkistatzeko asmorik burutik pasa, eta 1319-1321 bitartean ez da inondik inora erregistratzen Gaztela inbaditzeko planik: kontu hutsa da. Guztiz ezinezkoa zen Nafarroarentzat 60.000 gizonezkoaren armada sortzea. Beotibarko guda ez zen izan Euskal Herriko Termopilak.
Fernán Sánchez de Valladoliden kronikak historia arras distortsionatu zuen, Beotibarko guda Nafarroako eta Gaztelako erresumen arteko topaketaren testuinguruan ezartzean. Eta historiagile askok oinarritu dituzte euren historiak Sánchezen kronikan, beste asko beste, Juan Martinez Zaldibiakoa, Juan de Mariana, Jeronimo Zurita edota Esteban Garibai. Laburbilduz, aipatutako kroniken irakurketatik ondorioztatzen da Nafarroako erresuma frantsesen eskuetan zegoela, Gorritiko gaztelua eskubidez “probintziakoa” zela eta “probintziaren” eta erresumaren artean egondako ustezko negoziazio batzuen testuinguruan Nafarroako erregeordearen petralkeriak sorrarazi zuela gatazka hura. Dokumentazioan ez da horrelako ezer berresten noski eta, ondorioz, gehiegikeria, akats eta faltsutasun ugari aurkitzen ditugu kronika guzti hauetan.
Zaldibiaren eta beste ahaide nagusien testuak irakurri ostean honakoa datorkit burura: haltzak ez du bihotzik… enian uste erraiten ziela aitunen semek gezurrik.
Beotibarko gudua kolore askoz margotu dute eta patina hauek kendu behar ditugu iturri historikoak ikertu aurretik, egiari gertuen dagoen kontakizun historikoa eraikitzeko. Ernest Hemingwayk idaztea egiari etiketa jarri eta gure baitan aurkitutako egiarik handiena idatziz jartzea baino ez zela esan zuen. Asko saiatu dira eta ez dute lortu, nahiz eta arrastoren bat beti gelditzen den; izan ere, mendeetako gezurrak zuzentzea kosta egiten da.
700. urteurren hau dela eta, Aralar inguruko udalak Ulin bildu dira igande honetan. Bertan, garai batean tregoak egiten ziren tokian, gogoratu dute lurralde hau ez dela gaizkileen lurraldea inoiz izan, hizkuntza bera, bizimodu bera, iragana eta geroa berdina partekatzen duen jendearen gunea baizik.
Iragana etorkizunaren zati bat da, horregatik Aralar inguruko bizilagunak bertan daude eta bertan bizi dira, beti izan direna izaten jarraitzen dutelako, inolako mugarik markatzen ez duen hegi baten bi aldeetako anai-arrebak. Mendeetan zehar auzolan, harmonia eta adiskidetasun lurraldea izan da hau.
Zutik daude gaur ideia bat erreibindikatzeko: duela anitz mende bezala gaur egun ere Aralar zonaldeko bizilagunak nazio bereko herritarrak direla, anai-arrebak direla eta eremu hori ez dela “mugako lurraldea” ezta “gaizkileen muga” ere, euskararen gunea baizik, milaka urtez guztien elkarbizitzarako habia hain zuzen.
Hori dela eta, Aralar inguruko zenbait udalerriek ulermen protokolo bat sinatu dute, horren bitartez kultura eta gizarte-ongizate proiektuetan, eta, oro har, herritarren bizi baldintzak hobetzen dituzten eta eskualdeko herri eta haran guztien adiskidetasuna eta bizikidetza sustatzen lagunduko duten proiektuetan lankidetzan jarduteko borondatea adierazi dute gaur. Hau da Beotibarko gudaren 700 urte geroago bizirik dihardun herri anaitu baten herritarren nahia eta asmoa.