BADALAB Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzako Laborategia euskara biziberritzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko “erreferentziazko esperimentazio-gune” izateko sortu da. Helburu horrekin, euskal erakundeetako eta Euskalgintzako ordezkariek bultzatutako proiektu berri hau uztailaren amaieran aurkeztu zuten, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia buru zela. Akordio hori Gipuzkoako Foru Aldundian sinatu zen, eta bertan eratu zen partzuergoa, erreferentziazko zentro horren buru izango diren erakunde publiko eta sozialez osatua.
Badalab Etorkizuna Eraikiz programaren barruan garatuko den zazpigarren proiektu estrategikoa izango da, aurretik sortutakoen ondoren: ziur, 2deo, Labe, Adinberri, Mubil, ArantzazuLab eta Naturklima. Laborategi honek ekosistema berritzaile eta anitza sortuko du, euskararen erabilera indartzeko eragile berri eta anitzen parte-hartzearekin, euskara testuinguru berrietan presente egon dadin. Prototipo eta proposamen sozial ausartak ere egingo ditu, gizartean etorkizun berriak irekiko dituzten proiektu eta ekimen berritzaileak euskaraz abian jar daitezen.
Erreferente bat hizkuntza gutxituen biziberritzean
Era berean, narratiba eta bizipen zirraragarri berriak sortu nahi ditu euskaraz, askotariko formatu eta testuinguruetan eta digitaletan, euskaraz egoera berri eta gogoangarri gehiago bizitzeko aukerak sortuz (aisialdia, kultura, lana, sorkuntza, etab.).
Laborategiaren helburuetako bat izango da euskara biziberritzeko prozesuan “berrikuntza- eta esperimentazio-aldagaiak” txertatzea, eta, aldi berean, hizkuntza-aldagaia gizarte-berrikuntzako prozesuetan kokatzea.
Horrela, euskararentzako aukera berriak identifikatzen eta horietan eragiten saiatuko da, prototipo berriak proposatuz. Hizkuntza teknologiarekin esperimentatzea izango du helburu. Oinarri horien inguruan, Badalabek Errenteriako Torrekua eraikinean ekingo dio ibilbideari hurrengo hilabeteetan, bertan izango baitu behin-behineko egoitza.
Hizkuntza-errealitate berrietara egokitzea
Euskal Herriko mugez haraindiko erreferentzia bihurtzeko bokazioa ere garatuko du hasieratik, nazioarteko proiektu aitzindaria baita. Horrela, erreferentzia izango da hizkuntza gutxituen biziberritzean lan egiten duten guztientzat. Laborategiaren helburuei eta diseinuari buruzko hausnarketa-prozesua Gipuzkoako Foru Aldundiak, Langunek, Elhuyarrek eta Emunek zuzentzen dute, Soziolinguistika Klusterrarekin batera, gainerako erakundeen eta euskararen arloko ordezkarien parte-hartzearekin.
Markel Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, gaur egun mundu osoan “eraldaketa sakonak” gertatzen ari direla gogorarazi du, besteak beste, digitalizazioa, klima aldaketa eta gizarte aniztasunaren hazkundea. “Paradigma berri hauek eragin nabarmena dute hizkuntza gutxituetan, eta euskara ez da salbuespena. Planteatzen zaizkigun galdera eta erronken aurrean, ezinbestekoa da helburu eta proiektu berritzaile berriak sortzea. Esperimentaziorako baliabideak eta testuinguruak sortu behar ditugu, horiek ere elkarlanean sortuak, horrela bakarrik lortuko baitugu erronka horiei arrakastaz erantzutea eta euskararen etorkizuna bermatzea. Garai berriek tresna, proiektu eta baliabide berriak eskatzen dituzte, eta laborategia ahalegin horretan akuilu izatera dator”, laburbildu du.
Halaber, Ahaldun Nagusiak esan du Gipuzkoak Europan desberdintasun maila txikiena duen erkidegoa izatea duela helburu, eta helburu hori lortzeko “ezinbestekoa” dela “berdintasun linguistikoa” bermatzea eta sustatzea.
Gaineratu duenez, gure lurraldearen “ezaugarririk bereizgarrienetako hiru” Badalabaren sorkuntzan bat datoz. “Lankidetza, berrikuntza eta euskara bera daude gure izaeraren muinean. Hiru balio horietan eragin behar dugu, euskarari eta euskaldunei elkarlana eta etorkizuna eskaini behar dizkiegulako”, aldarrikatu du.
Eremu digitalean euskara sustatzen
Proiektu honen jatorrian “euskalgintzaren berrikuntza palankak” izeneko prozesu parte-hartzailea dago. Prozesu hori Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritzak hasi zuen 2015-2019 legegintzaldian. Aldi berean, Etorkizuna Eraikiz programak, Gipuzkoan gizartearekin lankidetzan etorkizuneko erronkei heltzeko sortutakoak, euskararen alorrean berrikuntza bultzatzeko erronka hartu zuen bere gain, eta, horrela, Foru Aldundiaren 2020-2023 plan estrategikoan kokatu zen hizkuntza-berrikuntzarako laborategi bat sortzeko proiektua. Bertan, hizkuntza biziberritzeko prozesuaren eraginkortasuna areagotzeko funtsezko hainbat faktore identifikatu ziren.
Gainera, proiektu hau guztiz bat dator Eusko Jaurlaritzak 2021-2024 aldirako eremu digitalean euskara sustatzeko aurkeztutako ibilbide-orriarekin, bai eta Europar Batasuna hizkuntzen arteko berdintasuna modu digitalean sustatzeko ezartzen ari den politikekin ere. Era berean, sare bat sortu da Europan 2030erako erabateko hizkuntza-berdintasun digitala lortzeko – European Language equality –, Europako hainbat erakunde akademiko, instituzional eta enpresarialen parte-hartzearekin.