Nizuri Tazuneri, Rap/elektronika taldea: “Ez gaude lehen bezain gertu”

Norzzone eta Fani dira talde honen sortzaile eta abeslariak eta Itzaletan sua DJa. Oso ezagunak dira Berri Txarrak taldeak aukeratu zituetik beraien Navarra Arenako azken aurreko kontzertua irekitzeko. Nizuri Tazuneri ukitu berezia duen taldea da, eta sortu zirenetik lau disko argitaratu dituzte, bakoitza bere esentziarekin: Japanesence (2014, Nasty Bilbao), Musika ala hil (2017, Taupaka), Zazpi (2018, Taupaka), eta Anubis (2020, Taupaka).

Nolakoak izan ziren zuen hastapenak?

Nizuri Tazuneri Donostiako Altza auzoan, Errenterian eta Barakaldon jaiotako talde bat da. Zazpi urte daramatzagu elkarrekin, 2014tik aurrera. Urte horretan, gutxi gorabehera, grabatu genituen gure lehenengo abestiak, eta gure proiektuaren ideia nagusia beti izan zen neskak eta mutilak, bi belaunaldi ezberdin, euskara, eta erritmo berriak eta antzinakoak uztartzea. Horrela jaio zen Nizuri Tazuneri.

Eta nondik datoz zuen hasieretako eraginak?

Kalamuak eragin handia izan du gugan, eta hortik dator kontu guztia. Txantxetan ari garela eman dezake, baina hori da egia. Beti izan ditugu hitz joko ugari, eta, zentzu horretan, eraginak beste mota batekoak dira. Gure doinuei dagokienez, ez dugula ezer asmatu esan genezake, eta amerikarrek eta frantziarrek egiten dutena kopiatu, eta gurera egokitu dugu. Baina talde guztien antzera, ez pentsa besteek egiten dutena beraiek asmatutako zerbait denik.

Nolatan Japoniatik Egiptorako bidaia? Japanescencetik Anubisera?

Hori esaten digute, Japoniatik hasi eta Egiptorako bidea hartu genuela… Egia da Egiptoko irudi garrantzitsua erabili dugula, haratagoko zaindariena, txakalena eta gainontzeko mitologiarena. Gurekin zegoen gazte batek bere buruaz beste egin zuen, eta disko hori hildakoari, bere sendiari eta lagunei egindako omenaldi xumea izan zen. Pandemiaren aurreko garaia zen, baina oso urte gogorra izan zen, eta mota horretako abestiak landu eta abestu nahi genituen; hori zen garai hartan gorputzak eskatzen ziguna. Gero, jende asko pandemian izandako hildakoei egindako omenaldia zela esaten hasi zen, baina hori ez da zuzena. Pandemia aurretik jaiotako abestiak eta doinuak dira horiek, 2019an gertatutakoaren harira; gure doluminak adierazteko modua da, Anubis modu sinbolikoan hartuta, noski.

Zuen diskoek oso kontzeptualak dirudite…

Japanescence ez da oso kontzeptuala, gure jaiotza zen, eta japonierara jo genuen, euskarazko hitzak japonieraz ahoskatzerakoan oso bereziak entzuten direlako. Ildo berean, Musika ala hil ez zen kontzeptuala; freskotasuna eta erritmo berriak atera genituen hor… Gero bai, Zazpi bai da nahiko kontzeptuala, bekatuena hartu eta buelta eman nahi izan genion, kontzeptualago eginez… Badago beste kontu bat: guk artea bere sakontasunean oso-oso gogoko dugu, eta guk, musikariak eta sortzaileak garen heinean, beste egileen lanez gozatzea oso gogoko dugu, eta gure musika artearekin lotzen saiatzen gara beti. Ez dakit nola esan… Agian, orain ez da eramaten hori, orain eramaten dena da freskotasun gehiago, drogadikzioa, neskak, reggaetoia, ez dakit zer… baina guretzat garrantzi handia du musika artearekin lotzeak.

Trap delakoaren eremuan kokatzen zaizue, baina, egia esan, ez dituzue trapean sartzeko ezaugarriak betetzen.

Beno, bi abeslariak belaunaldi ezberdinetakoak gara; bion artean 20 urteko aldea dago. Hortaz, ez gara ohiko estereotipoetan kabitzen. Eta, egia esan, gure helburua ere hortik zihoan. Arketipo edo estereotipo batean ez erortzea eta nortasun propioa izatea. Esan dugun moduan, ez dugu ezer asmatu, baina gure abestiei, bideoei edo irudiei gure ukitu berezia eman nahi diegu.

Zuen ekoizleak Nasty Bilbaoko Hawa eta Maisha dira. Zer moduz harremanak?

Hawa eta Maisha izan ziren gure hasierako ekoizleak, baina gure gogokoena Kevin Valiente, Kriminesku, da. Bera da, hain zuzen, Nizuri Tazuneri taldearen hirugarren zutabea. Baina, noski, ikusienak bi abeslariok gara; aurpegia jartzen dugunak gara. Kevinek bere lana du, eta beti zer edo zer ekoizten dabil. Krimineskurekin batera, Eguzkiaren Semea, Lander Llorens, gure ekoizle nagusia da. Lehenagotik ezagutzen genituen, eta gure lehenengo lanean produktore nagusiak izan ziren; beraiekin joan ginen Bilboko Zorrotzaurreko Pabellón 6-an zuten estudio txikira; dena dela, ondoren Musika ala hil Gipuzkoan landu genuen, Landerrekin Hernanin grabatuz, Errenteriako produktoreak ere sartu ziren… Gipuzkoarrok egindako lana izan zen. Maishak badu disko guztietan eraginen bat, baina ekoizle bezala ez da hainbeste hor egoten; ekoizleek babesa ematen digute.