1521 gogoan, Txistulari Elkartearen ikuskizun berrian

Aurten 500 urte bete dira 1521ean Noaingo bataila gertatu zenetik, eta Nafarroako historian erabakigarria izan zen une hori gogoan hartu nahi izan du Euskal Herriko-Nafarroa Txistulari Elkarteak uda honetan aurkeztuko duen ikuskizun ibiltarian. Musika bakarrik ez, eta dantza zein ikus-entzunezkoak ere uztartuko dira Nafarroako hainbat tokitan ikusi ahal izanen den emanaldi erraldoian. Besteak beste Nafarroako Gobernuaren, Lacturale enpresaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin sortutako emanaldia, izan ere, ibiltaria da.

“Ezin gara halako data batetaz ahaztu”, azpimarratu zuen Txistulari Elkarteko lehendakari Patxi Rodriguezek, ekainaren 30ean gertatutako bataila hizpide. Emanaldiak Oliteko Antzerki Jaialdia irekiko duela ere iragarri zuen, uztailaren 16an, arratsaldeko 19:00etan. Ikuskizun ibiltaria izaki, Nafarroako beste lekutan ere eskainiko da udaran: uztailaren 24an Tuteran, abuztuaren 7an Otxagabian, abuztuaren 13an Amaiurren, abuztuaren 14an Aurizberrin eta irailaren 11n Iruñean.

Aitor Urquiza ikuskizunaren musika zuzendariak argitu moduan, 1521-en antzinako musika zein musika tradizionala uztartuko dira. Nobedade bezala, azken urteetan ez bezala, alarde honetan dantzaz gozatzeko parada ere eskainiko da, Oberena Dantza Taldearen eskutik. Bakarlarientzako konposatutako obrak ere aditu ahal izanen dira emanaldian. “Normalean bakarlari izateko paradarik ez duen musika tresna baten aldeko apustua egin nahi izan dugu”, argitu zuen Urquizak, “txirula eta ttunttuna”, Joakin Lekunberrik konposatutako obraren bidez. Bakarlari gisa, ahotsetan, Maite Itoiz eta John Kelly arituko dira, “askorentzat aski ezaguna izanen den abesti batekin”.

Ikuskizuna Nafarroako historian barrena murgilduko den obra da, zuzendariak argitu bezala. Ibilbide hori gidatzen, bai eszenatoki atzean gidoigintza eta eszenaratzearen arduradun bezala; bai eszenatoki gainean ere, antzezle bezala, Ventura Ruiz arituko da. Semea Nafarroako armadan duen amaren ahotsetik arituko da Ruiz, tamaina handiko ikus-entzunezkoez lagunduta egonen den musika, dantza eta antzerki ikuskizunean.