Kontuz gure bizitza pribatua gehiegi azaltzearekin!

Internet eta sare sozialak entretenimendurako gune bihurtu dira herritar gehienentzat, orduak eta orduak pasatzeko gune bat. Gazteak Interneten kontsumitzaile petoak dira, eta hainbat plataforma erabiltzen dituzte: Youtube, TikTok, Instagram, Twitter… Pandemiak eta herritar guztien eta, bereziki, gazteen gizarte-isolamenduak egoera hori larriagotu dute, eta zibermehatxuek eta ziberdelinkuentziak gora egin dute, gazteenek sare sozialak gehiago erabiltzearekin batera. Gehiegikeria- eta mendekotasun-egoera hori areagotu dute, gainera, eskola birtualen derrigortasunak, ingurune digitaletako aisialdiak, etxeratzeko aginduek, konfinamendu perimetralek eta abarrek. Hainbat azterlanek jasotzen dutenez, konfinamendua hasi zenetik gazteen eta nerabeen online jarduerak % 180ko gorakada izan du. Jakina, etengabe horretan aritzeak eta bizitza digital sutsuagoak esposizio handiagoa dakarte, eta hori ustiatzen eta munduaren egoerari etekina ateratzen jakin dute zibergaizkileek.

Gaur egun, gero eta globalizatuagoa den mundu batean bizi garenez, non oztopo fisikorik ez dagoen, ziberjazarleek aukera handiagoa dute munduko edozein lekutako pertsona ezezagunekin harremanetan jartzeko, beren helburua lortzeko. Egoera hori saihesteko, arretaz jokatzen jakin behar da eta hainbat tresna eduki behar dira, betiere zibergaizkile horiei aurre egiten lagunduko diguten gutxieneko neurri eta errealitate batzuk kontuan hartuta.

Segurtasuna eta erasoak

Ingurune digitalean gertatzen diren erasoen artean, bi mota bereiz daitezke. Alde batetik, gailuen segurtasunari eragiten diotenak, eta, bestetik, pertsonen pribatutasunari eta osotasunari eragiten diotenak.

Lehenengoek gailuetan instalatutako programen kodea urratzeko aukeran dute jatorria. Esteka hori onartu eta klikatu ondoren, ordenagailura fitxategi bat deskargatzen da, ekipoaren eduki guztia zifratzen duena. Dokumentu bat uzten da mahaigainean edo sortzen ari den leiho batean, gure datu eta informazio pertsonal guztien bahiketaz ohartarazteko eta lapurtutako fitxategiak berreskuratzeko jarraibideak emateko. Horrelako erasoak saihesteko prebentzio-neurri onena gailuak eta programak eguneratuta edukitzea da, eta ez fidatzea zuzeneko ekintza dakarten mezu zuzenez, ezta hartzaile ezezagun eta ustekabekoez ez ere.

Bigarren eraso mota da arriskutsuena, gure pribatutasuna, datu pertsonalak edo osotasun fisiko edo morala baititu helburu. Mota horretakoak dira gazte eta nerabeek jasaten dituzten zibereraso gehienak; batzuetan ezjakintasunagatik eta beste batzuetan zuhurtziagabekeriagatik, edo talde sozialak onartu beharragatik.

Aipatu behar da, inolako zalantzarik gabe, gazteenek jasaten dituzten kasurik mingarrienak nortasun-ordezkapenak eta argazki labainak bidali eta birbidali osteko ziberjazarpen-gertakariak direla. Ziberjazarpenaren biktimak bere ingurune hurbilenaren ulermena eta laguntza behar ditu, eta mehatxuak larriak badira, frogak hartu eta salaketa jarri behar da.

Adinari eta sexuari dagokienez, alde handiak daude, eta 15 eta 17 urte bitarteko gazteak dira zuhurrenak. Bestalde, neskek pribatutasunean konfiguratutako profil gehiago dituzte, adin-tarte horretako mutilek baino.

Datu positibo gisa, nabarmendu behar da gazte askok oso ondo erabiltzen dituztela Internet eta sare sozialak. Gainera, kontu handiz ibiltzen dira beren pribatutasunari dagokionez, eta badakite kontuz ibiltzeko gaia dela beren bizitza pribatua sareetan azaltzea eta datu pertsonalak edo bankuko kontuak ematea. Sare sozialetan gure pribatutasuna ez azaltzeko, beharrezkoa da pribatutasun- eta cookie-politikei buruzko testuei erreparatzea, zer datu biltzen diren, hirugarrenei lagatzen zaizkien eta zertarako.

1 Comment

  1. […] Gazteon KZ/ Unai Gandarias / 2021-06-21 / 450 hitz […]

Comments are closed.