Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea: “Gozagarriak diren eremuetan gazteek euskara erabiltzeko aukera izan behar dute”

Miren Dobaran Urrutia Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea da 2020ko irailaren 10etik. Euskal Filologian lizentziatua da, eta zenbait kargu publiko izan ditu; besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria eta Berangoko alkatea izan da.

Eusko Jaurlaritzak “Euskararen Ingurune Digitala: Gomendioak 2021-2024 dokumentua” aurkeztu du orain dela gutxi. Gazteak euskarazko produktu digitalen kontsumora erakarri nahi dira, besteak beste. Nola egin diezaiokegu aurre erronka horri arrakastaz?

Euskarazko edukiei dagokienez, berebiziko garrantzia hartu dute azken urteotan ikus-entzunezkoek, eta badirudi aurrerantzean ere hori izango dela joera. Ikus-entzunezkoen eta eduki interaktiboen gorakada etengabea da. Beraz, eduki horiek sortzeko, kontsumitzeko eta sustatzeko bidea egin behar da. Modu eraginkorrak aurkitu beharko ditugu hedatu diren eta hedatzen ari diren kontsumobide, plataforma eta abarretan euskarazko edukiak eskain eta erabil daitezen, eta, ildo horretatik, Internet bidez hedatutako edukiak sustatzea premiazkoa izango da. Gainera, arlo honetan gazteengan eta nerabeengan jarri behar da arreta berezia. Gazteak ikus-entzunezko edukiak kontsumitzera ohituta daude, eta sare sozialetan etengabe dabiltza, baina, gazte gehienak euskaldunak izan arren, D ereduan baitabiltza gehienak, eskolako eremutik kanpo, eta ingurune digitalean orokorrean, euskararen erabilerari ez zaio hainbeste eusten; gaztelania da hizkuntza nagusia, eta ondoren ingelesa. Horrexegatik da funtsezkoa euskarazko ikus-entzunezko eduki erakargarriak sortzea, eta sektorea badabil ahalegin hori egiten eta elkarlanean kalitatezko edukiak sortzen. Hori da bide eraginkorrena. Berariaz, ingurune digitalerako gazteei eta nerabeei zuzendutako edukiak behar ditugu, eta bideo-jokoen alorrean ere euskara eta euskararen erabilera sustatu behar ditugu. Bideo-joko batzuk badaude euskaraz, baina ume txikiei zuzendutakoak dira batez ere. Orain gaztetxo eta helduentzako bideo-joko erakargarriak behar ditugu. Eta euskaraz arituko diren gamerrak eta gameplayak sustatu behar ditugu. YouTuber euskaldunak sortzeko ahalegina ere egin da, baina euskaraz jarduteko zalantzak daude beti. Hori guztia behar dugu euskaraz, eta elkarlanean egin behar dugu.

Beharrezkoa al da euskal subiranotasun teknologikoa, Interneteko operadore handiek (Google, Amazon edo Netflix, besteak beste) hizkuntza gutxituei ezartzen dizkieten trabak saihesteko?

Enpresa handi horiek gure bizitzan txertatuta daude, beraien produktuak erakargarriak direlako eta mundu osoan kontsumitzen direlako; beraz, gure estrategia haiekin elkarlanean aritzea da, eta euskara beraien plataformetan txertatzea, gainerako hizkuntzak dauden moduan. Guk enpresa horiei behar duten guztia eman beharko genieke, corpusa, azpititulatzeko teknologia, etab. Beraiek, corpus hori erabilita, gainerako hizkuntzetarako egiten dituzten produktuak atera ahal izango dituztelako. Beraz, enpresa horiekin guztiekin elkarlanean aritu behar dugu, eta horrela ari gara.

Euskaltel saltzeak euskal subiranotasun teknologikoari kalte egingo lioke?

Euskaltelek bertoko bezeroak behar ditu, eta badaki gure herritarren beharrak eta nahiak zeintzuk diren. EITBk atera duen plataforma berrian, euskarazko edukiek lehentasuna izango duten plataforma berrian eta beste proiektu batzuetan ere parte hartzen du Euskaltelek; beraz, espero dugu euskararekiko konpromiso hori sendotzen joango dela.

“Euskararen Ingurune Digitala” dokumentuaren beste proposamenetako bat esparru akademikora bideratutako euskarazko eduki digitalak garatzea da. Zer hezkuntza-eremutara bideratuko lirateke eduki horiek?

Hezkuntzari dagokionez, materialgintzan beste estrategia bat behar dugu, profesionalek sortutako materialgintza bultzatu behar dugu, diziplinartekoa, irisgarria, ikuspegi inklusiboa duena. Horrez gain, ikus-entzunezkoen alorrari arreta berezia eman behar zaio, curriculumaren edukiak betetzeko euskarazko materiala falta baita. Partekatzeko kultura ere sustatu behar dugu, hezkuntzarako edukien berrerabilera ahalbidetzea eta bultzatzea ezinbestekoa da; izan ere, teknologiak aukera aparta ematen du baliabide didaktikoak denen eskura ipintzeko eta irakasleen zein adituen sorkuntza-ahalmena partekatzeko. Eta, beste alde batetik, gero eta garrantzitsuagoa da gazteek ingurune digitalean behar dituzten baliabideak euskaraz egotea: multimedia edukiak, simulazioak, jarduera interaktiboak, infografiak, etab. Horiek guztiak euskaraz ez badaude, beste hizkuntza batzuetara joko baitute. Beraz, curriculumari lotutako esparruan, zehazki, estrategikoa da baliabide didaktiko erakargarri libreak euskaraz egotea eta euskaraz erabili ahal izatea.

Ingurune digitala bizia eta aldakorra da. Nahiz eta mugikorrerako euskarazko aplikazioak sustatu, eragina izango al du gazteek euskara erabiltzeko?

Bai, egia da ingurune digitala egunero-egunero aldatzen dela, eta gazteria eleanitza dela eta ingelesez eta gazteleraz zenbatnahi aplikazio dituztela, baina euskarak ere hor egon beharra dauka, eta aplikazio erakargarriak ateratzea da gakoa. Gazteek ez diote hizkuntzari erreparatzen, gustukoak dituzten eduki eta aplikazioak erabiltzen dituzte, eta berdin zaie hizkuntza. Beraz, guk ahalegin handia egin beharko dugu, baina euskararen presentzia bermatu beharra daukagu esparru horretan.

Zein iritzi duzu Txikipediaren inguruan, ikasleentzako tresna pedagogiko gisa?

Txikipedia oso lagungarria da ikasleentzat. Wikipedia oraindik konplexuegia den ikasleentzako egokia da, artikulu laburragoak eta ulergarriagoak dituelako eta entrenamendu bat delako gero Wikipediara salto egiteko. Kontua da ikasleak txikitatik ohitzea informazioa euskaraz irakurri eta hortik abiatuta behar dutena idatzi eta eraikitzera. Erabilera handia da Txikipedian eta Wikipedian; beraz, lagungarria da beraientzat eta askotan gurasoentzat ere.

Euskara Normalizatzeko legea onartu zenetik ia 40 urte igaro direnean, gure hizkuntza orduan baino ezagunagoa da, baina gutxiago erabiltzen da. Nola egin aurre ezagutzatik eguneroko erabilerara jauzi egiteko erronkari?

Nik uste dut sekula baino gehiago erabiltzen dela euskara esparru guztietan. Egia da orain ezagutza asko zabaldu dela, batez ere hezkuntza sistemari esker, eta lehen uste genuen ezagutza lortuz gero automatikoki erabilera ere etorriko zela, baina horrek ez du horrela funtzionatzen. Ezagutzak ez dakar erabilera automatikorik, eta kontuan hartu behar da gazte askorentzat euskara hizkuntza akademikoa baino ez dela. Beraz, orain egin behar duguna da ikasle horiei guztiei aukera ematea eskolatik kanpoko gainerako esparruetan euskara erabiltzeko. Gozagarriak diren eremuetan aukera izan behar dute euskara erabiltzeko, eskolaz kanpokoetan, kirolean, etab. Beraien erregistro bereziak eraikitzeko aukera izan behar dute, eremu informalean ez daudelako ohituta euskara erabiltzen. Horrekin batera, merkataritzan eta establezimenduetan ere gero eta aukera zabalagoa daukagu euskara erabiltzeko, eta oraindik pedagogia egin behar dugu esparru horietan ere euskaraz egin daitekeelako. Beraz, erabilerak badakar erabilera, denon konpromisoa ere behar dugu ahal den guztietan euskaraz egiteko, eta erakundeek gure ardurak bete eta esparruak euskaldundu eta aukerak eskaini behar dizkiegu herritarrei, euskara erabil dezaten. Horretara begira daude Jaurlaritzan onartu berri ditugun plan estrategikoak.

Zer deritzozu Irungo Udalean udaltzain berriak kontratatzeko orduan hizkuntza eskakizunen inguruan gertatutakoari?

Irungo Udalaren Euskara Planak betetzen du indarrean dagoen legeria; beraz, argi utzi nahi dut ez dela inolako gehiegikeriarik izan udaltzainen oposizio horietan. Udaltzaingoan plantilla zabala du Irunek, eta % 30ek ez du hizkuntza eskakizunik egiaztatu beharrik; beraz, logikoa eta zuzena da orain sartu behar diren udaltzain berriak elebidunak izatea. Era horretan, apurka-apurka herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko moduan izango duelako plantillak, eta Udalaren betebeharra horixe da. Beraz, auzitegiak egindakoak ez du ez buru ez hankarik, eta ez ditu zentroan jartzen herritarrak eta herritarraren eskubideak.

Zer esango zenieke enplegu publikoa lortzeko duten eskubidea euskal hiztunek euskaraz artatuak izateko duten eskubidearen gainetik dagoela uste dutenei?

Bi hizkuntza ofizial dituen erkidegoan bizi gara; beraz, herritarrena da hizkuntza hautatzeko eskubidea eta herri langileak errespetatu behar du hautu hori, erakundeen betebeharra delako bi hizkuntzetan artatzea herritarra.

Euskaraldia arrakastatsua izaten ari dela uste al duzu?

Euskaraldia ariketa sozial arrakastatsua izan dela esango nuke; izan ere, euskaraz bizi ez garen eremuetan aukera asko zabaldu dira euskara erabiltzeko. Euskaraldia egin den egunetan konturatu gara establezimendu askotan euskara ulertzen dutela, eta inolako estres linguistikorik gabe erabili dugu euskara. Gero, Euskaraldia bukatzean, horiek guztiak irabazi ditugu, eta aurtengo ariguneen esperientziarekin ere ikusi dugu laneko esparruan orain posible dela euskara gehiago erabiltzea. Nik uste dut ahaldundu egin gaituela Euskaraldiak, motibatu egin gaitu eta konturatu gara uste baino jende gehiagorekin erabili daitekeela euskara. Horixe da bidea, esparruak irabazten joan behar dugu, ahaldundu behar dugu, eta enpatiarekin jokatu. Ez dago euskara txarrik, eta, denak aktibatuz gero, euskararen erabilera zabaltzen joango da. Egia da hau ez dela magia, gimnasia da, baina egingarria da, eta argi dagoena da, Euskaraldiari esker, askok euskara gehiago erabiltzeko aukera daukagula eta hori bada garaipen handi bat.